M-Emakumeon bigarren fasea abian, kirola egiten hasi diren emakumeak bide erdian gera ez daitezen

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 3a

Azaroan Irungo Emakumeen Etxean abian jarritako M-Emakumeok Mugimenduan proiektu pilotuaren bigarren fasea irailean martxan jarri nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Orain artean jarduera fisikorik egiten ez zuten 29 emakume aktibatu dituzte, eta epaituak izan gabe kirola egiten jarraitzeko Espezializazio Programari ekingo diote kirol klub eta zentroen eskutik. Proposamenak aurkezteko otsailaren 28a arte dute kirol elkarte eta gimnasioek.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuko eta Irungo Udaleko ordezkariak, M-Emakumeok Mugimenduan proiektuaren bigarren fasea aurkeztu dute Palmera Montero gunean. Irungo kirol elkarteei zuzendutako bileran joan den udazkenean epaitua izan gabe kirola egiten hasteko abian jarritako 'Emakumeok Mugimenduan' proiektu pilotuaren jarraipena egin nahi dute. 

Izan ere, gaur egun kirolik egiten ez duten emakumeak fisikoki aktibatzea helburu duen ekimen aitzindaria da honakoa, eta joan den azaroan Irungo Emakumeen Etxean Hastapen Programa arrakastaz abian jarri ondoren, orain bigarren faseari ekingo diote. Aurreneko fasean 29 emakumek parte hartu dute, eta Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuko (KOZ-SOAF) begirale espezializatu baten laguntza jaso dute, emakumeen etxeak suposatzen duen eremu seguru batean kirola egiten hasteko. 

Orain, aldiz, Espezializazio Programari ekingo diote. Hau da, jarduera fisikoa egiten hasi, baina oraindik kirol-ohitura finkatzeko eta autonomia irabazteko laguntza gehigarria behar duten emakumeei zuzendutako programa.

Kirola ahalduntzeko tresna

Palmera Monteron egindako bileran Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatuak aditzera eman duenez, Gipuzkoa osasuntsuago eta bidezkoago bat lortzeko bidean, M-Proiektuak emakumeei bidea errazten die. «Kirola ezin da pribilegio bat izan, denborak, diruak edo konfiantzak baldintzatua, eta emakumeak seguru, lagunduta eta gai sentitzeko guneak», sortzen ari direlakoan dago. Diputatuak argitu du, orain hurrengo urratsa eman nahi dutela kirol-klub eta zentroen eskutik, lehen esperientzia horrek bermeekin jarraipena izan dezan, profesionalekin, genero-ikuspegitik eta ibilbide argi batekin. 

Programaren bigarren fasea irailean hasiko da Irunen, eta aldundiak diruztatuko du osoki. Mementoz, erakunde publikoetatik hiriko zenbait kirol elkarte deitu dituzte programaren eskaintzaren berri emateko. Eta kirol klubek, kirol-zentro eta gimnasio pribatuek otsailaren 28ra arte bidali ahal izango dituzte haien proposamenak. Iragarri dutenez, egin beharko duten eskaintzak hainbat baldintza bete beharko ditu. Hala nola, Hastapen Programatik eratorritako emakumeak lehenestea, emakumeek gidatutako kirol jarduera izatea edota jarduera berria izan dadila, gaur egun emakumeentzat ez dagoena. 

Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak eta Cristina Laborda Irungo alkateak ere parte hartu dute bileran, programaren teknikariekin batera. Labordak Irun Gipuzkoan zerbitzu hau abian jartzen udalerri aitzindaria dela azpimarratu du, eta hemendik aurrera «hiriko kirol erakundeen konpromisoa eta inplikazioa» lortuko dutelakoan dago.