Neandertalen gainbeheraren nondik norakoak argitzen dituen azken ikerketa Oiasso Museoan ikusgai

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 5a

Europa mailako SUBSILIENCE ikerketa-proiektuaren emaitzak modu pedagogiko batean azaltzen dituen "Neandertalen gainbehera duela 45.000 urte: krisi klimatikoa eta Homo Sapiens espeziearen etorrera" erakusketa jasoko du Oiasso Museoak maiatzaren 31 arte. Europako 21 aztarnategitan (Euskal Herrikoak barne) eginiko ikerketari esker, azken Neandertal taldeen desagerpenaren zergatiak argitu eta Homo Sapiensarekin izan zuten hibridazioaz, krisi klimatikoen eraginaz eta gizakion egokitzeko gaitasunaz hausnartzeko aukera paregabea emango du.

Neandertalei buruzko azken ikerketa zientifikoen emaitzak ezagutzeko aukera paregabea emango du Oiasso Museoak urteko aurreneko aldiriko erakusketarekin. "Neandertalen gainbehera duela 45.000 urte: krisi klimatikoa eta Homo Sapiens espeziearen etorrera" izenburupean, historiaurreko giza eboluzioari buruzko Europa mailako SUBSILIENCE ikerketa proiektuaren berri ematen du, eta Altamirako Museoan eta Kordobako Museo Arkeologikoan aurkeztu eta gero, Irunen egongo da maiatzaren 31 arte ikusgai EvoAdaptak prestatuta.

Ana Belen Marin-Arroyo EvoAdapta-Kantabriako Unibertsitateko Historiaurrean doktorea da, eta Ferrarako Unibertsitateko (Italia) edota Murtziako Unibertsitateko 14  ikerlarik osatutako SUBSILIENCE ikerketa-proiektuaren burua. Azaldu duenez, Europako Ikerketa Kontseiluaren bi milioi euroko finantzaketa duen asmo handiko diziplina anitzeko proiektu honi esker, Europako azken Neandertal taldeek egindako azken urratsak aztertu ahal izan dituzte. «Europako hegoaldeko 21 aztarnategitan egindako indusketa eta bioarkeologia emaitzen bidez, gizaki haiek nola bizi ziren eta muturreko klima aldaketa azkarrek haien eboluzioan eta ingurunean izandako eragina argitu ahal izan dugu», azaldu du Kantabriako Unibertsitateko adituak.

Gainera SUBSILIENCE proiektuaren esparruan aztertutako aztarnategi arkeologikoen artean, Oreretako Aitzibitarte III kobazuloa dago. Lau urte daramatzate bertan indusketak egiten, eta horri esker duela 57.000 eta 27.000 urte arteko Gipuzkoako paisaia nolakoa zen zehaztu ahal izan dute. Baita Euskal Herriko beste zenbait eremu ere, izan ere, Oxocelhay (Isturitz, Nafarroa Behera) eta Labeko Koba (Arrasate, Gipuzkoa) aztarnategietan ere induskatu baitute.

Krisi klimatikoez hausnartzeko parada

Alde horretatik, garai hartan emandako klima aldaketa sakonei aurre egiteko, Neandertal zein Homo Sapiens espezieen erresilientzia ere argitu dute. «Iberiar Penintsula izan zen azken Neandertalen bizigune eta aterpea», dio Marin-Arroyok, «15.000 urtez gure espezie Homo Sapiensarekin harremana izan zuen guztiz desagertu arte». Hala ere, azken azterketen arabera, duela 49.000 eta 45.000 urte artean, Neandertalen eta Homo Sapiens espezieko gizakien hibridazio edo mestizajea gertatu zen, eta horren ondorioz, egun gure DNAko geneen %2-4 artean Neandertalak dira.

 

Argi dago, nolanahi ere, pleistozenoko azken glaziazioaren garaian emandako muturreko krisi klimatikoek eragin nabarmena izan zutela Neandertalen gainbeheran. Adituak dioenez, ziklo hotz eta beroak gertatu ziren, eta mende gutxian 7 graduko tenperatura aldaketak gertatu ziren. Hortaz, Juanjo Jimenez, Oiasso Museoko zuzendari laguntzailearen ustez, erakusketa honek zientziaren puntako ikerketaz eta historiaz jabetzeko baino gehiagorako eman dezake. «Pil pilean dagoen aldaketa klimatikoaz eta gizakion egokitzeko gaitasunaz hausnartzeko ere balio digu», azpimarratu du. 

Erakusketak modu didaktikoan aurkezten dituen SUBSILIENCE proiektuaren emaitzak goi mailako zientzia direla nabarmendu du bere partetik, Nuria Alzaga Kultura zinegotziak. «Balioan jarri behar dugu halako erakusketa bat Irunen jaso ahal izatea, ezin dugu normalizatu. Izan ere, 50 argitalpen zientifiko eman ditu Science edo Nature bezalako aldizkari espezializatuetan», azpimarratu du.