Irungo Udaleko Gazteria eta Hezkuntza arloak eskaintzen duen HaurARTEan programaren baitan, "Hazieran Bidelagun" hitzaldi eta tailer ziklo berri bat proposatuko du martxotik maiatzera bitartean. Heziketa osasuntsu eta afektiboan oinarritutako akonpainamendua egiteko helburua du udalak, eta Irati Redondo Gazteria arloko zuzendariak azaldu digunez, «adituen eskutik heziketaren dibertsitatea aintzat hartu, eta begirada ezberdinetatik lantzeko aukera» eman nahi dute hitzaldi-tailer hauekin.
Izan ere, guraso izaten ikasten den zerbait da, eta prozesu horretan lagungarriak izan daitezkeen tresnak eskaini nahi ditu Irungo Udalak HaurARTean programarekin. Eta Redondoren esanetan, «ondo sendotutako programa da, eta Irunen ez ezik, inguruko herrietan ere guraso askorentzat erreferentziazkoak bilakatu dira antolatutako jarduerak». Diotenez, gizarte gero eta konplexuago honetan, guraso berriei, nerabeen gurasoei zein aurki guraso izango direnei zuzenduta, helduen eta seme-alaba adingabeen arteko harremanen garrantziaz hitz egiteaz gain, heziketak nahitaez dakartzan muga, espektatiba eta entzute aktiboa landu nahi dute. Eta azken urteetan, alde emozionalak pisu handia hartu du alde horretatik.
Bina hitzaldi eta tailer
Antolatu dituzten jarduerak dohainik dira, baina plaza guztiak agortu ohi direnez, aldez aurretik izena eman beharra dagoela aditzera eman du udalak. Lehen bi hitzorduak CBA Kulturgunean proposatuko dituzte. Martxoaren 4an Mar Romera maistra eta adimen emozionalean adituak "Heziketa emozionala eta emozio eragilea" hitzaldia emango du 17:30etik 19:00etara. Pedagogia Emozionalean eta Psikopedagogian lizentziaduna da, eta didaktika aktiboari buruz hainbat liburu argitaratu baditu, 30 urtetik gorako eskarmentua du hezkuntza sistemako etapa guztietan irakasle lanetan aritu baita, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntza, Hezkuntza Berezian, Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta unibertsitate mailan ere. «Gaur egun, Francesco Tonucci Elkarte Pedagogikoko presidentea da, eta sustatzen duen heziketa eredua, kontzientzia eta sozializazio emozionalean oinarritzen da», azpimarratzen du Irati Redondok.
Bigarren hitzaldia martxoaren 17an izango da leku eta ordutegi bertsuan. Belen Colomina psikologo eta terapeuta gonbidatu dute egun horretarako, "Bullying: pautas para su detencion y acompañamiento" hitzaldia eman dezan. Humans Psicología zentroaren sortzaileetako bat da, bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia klinikoa du eskola-jazarpenaren prebentzioan. Garapen pertsonala eta laguntza emozionala ditu bere lanaren ardatz nagusiak, eta Redondok argitu duenez, «puri-purian dagoen bullyingaren arazoa ikuspuntu humano eta prebentibotik ulertzeko gonbidapena da». Iragarri dutenez, haur edo nerabe batek jasan dezakeen jazarpenaren alerta seinaleak eta bullying egoerak garaiz detektatzeko tresna argiak emango ditu. Baita biktimari eta familiari laguntzeko estrategiak ere.
Bestalde, 0-6 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendutako bi tailer praktiko antolatuko dituzte apirilaren 20an (euskaraz), eta maiatzaren 6an (gaztelaniaz). Hauek Palmera Montero gunean egingo dituzte, eta Julene Armendariz pedagogo perinatalak emango ditu. Erroa Fundazioan gurasoen eta seme-alaben osasun mentala zaintzeko hainbat proiektu garatu ditu. Eta argitu dutenez, guraso eta haurren arteko lotura emozionala eta gurasoen autozaintza landuko dute batik bat.
Irungo Udalak jakinarazi duenez, gurasoek parte-hartzea errazte aldera, eta familia kontziliazioa bermatzeko xedez, hitzaldi eta tailer guztietan 3-8 urte bitarteko seme-alaben zaintza zerbitzua eskainiko dute muxu truk. Hau erabili nahi duenak, izena ematerakoan zehaztu beharko du.