Inoizko partehartzerik handiena izango du otsailaren 22an ospatuko den Bidasoako Maratoi Erdiak. 2025eko abenduan agortu ziren eskuragarri jarritako dortsal guztiak, eta Bidasoa Atletiko Taldeak aditzera eman duenez, 2.450 korrikalarik hartuko dute parte. Ororen %35 emakumezkoa izango da, batik bat 10K froga laburrean. Izaera solidarioa duen lasterketa da, izan ere, dortsalekin bildutako diruaren zati bat (euro bana) Tadamum elkartera bideratuko dute, Oporrak Bakean programa antolatzen laguntzeko.
Korrikalariek hitzordu garrantzitsua izango dute igandean. Baina aurretik motorrak berotzeko, Korrikalarien Azoka antolatu dute larunbatean, hilaren 21ean, Zabaltza plazan. Nuria Alzaga, alkateordeak azaldu duenez, «kirolaren festa izateaz gain, tokiko komertzioa eta artisautza sustatzeko aukera eskainiko du». Izan ere, goizeko 10:00etatik 20:00etara bitartean, lasterkariek dortsala jasotzeko aukera izango dute bertan, eta azokak egitarau oparoa proposatuko du. Bertan korrikalariek kirol materiala beherapenekin eskuratzeko aukera izango dute 15 bat denda eta kirol elkartek jarriko dituzten postuetan. Udalak iragarri duenez, Bidasoa Atletiko Taldeaz gain, Biarritz Olympique kluba ere presente izango da, eta kirol materiala, artisau produktuak eta Irungo komertzio zenbaitzuk haien eskaintza egingo dute bertan: Descansalia, Nia Floral Art, Amets Bakery, Calzados Vaquero, Gambara Janaridenda, Deportes González, Amaren Creaciones, Gure Galtzerdia, 4 eta 2, Jamel, Ittoita, Podoactiva, Zuriñe Celis.
Eta lasterketa solidarioa denez, Tadamun Txingudiko Sahararen Lagunak elkarteak eta Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako Elkarteak ere informatzeko postua izango dute. Era berean, SER Runner podcastaren grabaketa egingo da azokagunean. Giroa osatzeko, DJ izango da egun osoan zehar eta etxeko txikienentzat pintura lehiaketa bat antolatuko dute.