Haur sahararren aldeko Bidasoko Maratoi Erdia + 10K lasterketarako dortsalak agortu dira

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 14a

Bidasoa Atletiko Taldeak aditzera eman duenez 1.700 korrikalarik parte hartuko dute Erdi Maratoian, eta 650 lagun gehiagok 10K lasterketa egingo dute. Dortsalen euro solidarioa Txingudi Sahararekin Tadamum Elkartea laguntzera bideratuko dute aurten. Joan den udan Oporrak Bakean harrera programan Bidasoaldera etorritako haur sahararrak Plaiaundiko atletismo pistan hartu zituen klubak kirola egin, saharar auzia ezagutzara eman eta lasterketa promozionatzeko.

Hilabete eta erdi besterik ez da falta Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) antolatzen duen Lomeña Fachadas Rhenus Logistics Bidasoko Maratoi Erdia eta 10K lasterketarako. Eta klub antolatzaileak aditzera eman duenez dortsal guztiak agortu egin dira lasterketaren deialdia aurkeztu aurretik. Bi distantzietako lasterketetan sekulako jendetza bilduko da bere hirugarren edizioan. Klubak azpimarratu duenez, inoiz ez da sold out egin lasterketan. Eta itxaron zerrenda bat antolatu dute datozen asteetan bertan behera gera daitezkeen inskripzioak berriz bideratzeko. Bertan izena emateko posta elektroniko honetara idatzi behar da eventos@atletismobat.com. Iragarri dutenez, 1.700 parte-hartzaile izango dira 21 kilometrotako ibilbidean, eta 10K lasterketan beste 650 korrikalarik izena eman dute.

Sahararekin bat korrika

Arrakasta bikoitza suposatzen du honek. Izan ere, lasterkaldi solidarioa da honakoa. Eta korrikalarien interesa eta parte hartzeko nahia eskertuko dute seguru Mendebaldeko Saharako umeek. BATek bere lasterketa gehienetan egin ohi duen bezala, lasterketa honetan ere, dortsalen salmentarekin bildutako euro solidarioa Txingudi Sahararekin Tadamum Elkartea laguntzera bideratuko du aurten.

Elkarte honek uda garaian Oporrak Bakean programa kudeatzen du gure eskualdean, Aljeriako Tindufeko basamortuan errefuxiaturik bizi diren haur sahararrak Irungo eta Hondarribiko harrera familiekin uda bakean eta osasuntsu pasatzera ekarri ahal izateko. Hain justu, joan den abuztuan, Bidasoaldean uda iragan zuten haur sahararrak gonbidatu zituen BATek Plaiaundiko kirol instalazioetara udalekuko haurrekin batera atletismoa probatzera, eta bide batez, Bidasoko Erdi Maratoia +10K lasterketa honen promozioa egiteko argazki bat egiteko. Baina ez du promozio handirik behar izan, bistan denez.

2025eko udan Bidasoaldeko harrera familiei esker etorritako 9 haurrak Plaiaundin izan ziren abuztuan bisitan.

Haatik, Oporrak Bakean programa indartu nahian dabiltza aurten, eta harrera familia berriak bilatzeko kanpaina aurreratu egin dute Hego Euskal Herri osoan. Tindufeko kanpalekuetako larrialdi humanitarioak okerrera ezgin du azken urteetan, eta harrera familiak behar dituzte udan basamortuko beroaldietatik ihes egiteaz gain, osasun frogak egin eta ondo elikatzeko.

Honi lotuta, urtero Elikagaien Euskal Karabanaren ekimena antolatzen du Tadamum elkarteak Bidasoaldean. Eskualdeko supermerkatuetan eta eskoletan errefuxiatu kanpalekuak laguntzeko elikagaien bilketa antolatuz.