Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxearen Elkarteak (IEEE), Zinema Ziklo Feminista antolatu dute hirugarren urtez. Martxoaren 8ko programazioaren baitan, iaz estreinatutako eta emakumeek zuzendutako lau pelikula proiektatuko dituzte hilabetean zehar. Baina aurten programa indartu nahi izan dute, eserleku gehiago eskainiz. Iaz Ocine Mendibil 230 eserleku dituen areto batean antolatu zuten bitartean, aurten, Amaia Kultur Zentroan antolatu dute, 600 eserleku baino gehiagorekin.
Maite Cortinak, Berdintasuneko eta LGTBIQ+ Eskubideetako udal ordezkariak, Amaia antzokian bertan aurkeztu ditu zikloaren xehetasunak Irungo IEEEko Olga Rivas eta Maribel Castellórekin batera. Zinegotzi jeltzaleak zikloaren aldeko apustua berretsi du, eta iaz lortutako arrakasta gogoratu du. "Mendibil txiki geratu zen, gonbidapenak berehala agortu baitziren", azaldu du, eta "inor filma feminista hauetaz gozatzeko aukerarik gabe gera ez dadin" Amaia KZn antolatzea erabaki dutela azpimarratu du.
Aurreneko proiekzioa otsailaren 27an izango da, "Jone, batzuetan" filmarekin. Gainerakoak martxoan izango dira, 'La Furia' (martxoaren 5a), 'Romería' (martxoaren 18a) eta 'Los Domingos' (martxoaren 26a.
Antolatzaileek argitu dutenez, lau jardunaldietan, Itziar Sistiaga idazleak eta Nerea Almazán psikologoak filmak aurkeztuko dituzte, eta ondoren solasaldia bideratuko dute zinema-eztabaida formatuan.