Indarkeriarik gabeko jendartea amesten duten 200 lan baino gehiago jaso ditu Asun Casasola Ipuin Lehiaketak

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 26a

Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren 11. edizioaren sari banaketa Irungo Kabigorri ateneoan ospatuko dute, martxoaren 5an, 19:30ean. Bertan jakinaraziko dituzte aurten jaso dituzten 200 ipuin baino gehiagoren artean zeintzuk diren irabazleak, eta Maite Elizondoren musikaz lagunduta irakurketa publikoa egingo dute. Lanen %60 emakumezkoek idatzirikoak dira. Gazteen euskarazko kategorian Hondarribiko Talaia institutua, Irungo Eguzkitza eta Toki Alai BHIko ikasleek parte hartu dute, besteren artean. Helduen gaztelaniazkoan, aldiz, Kuba, Argentina, Peru, Txile edo Kolonbiatik jaso dituzte. 

Oihana Llorente, Parean elkarte antolatzaileko kideak azaldu duenez, «indarkeriarik gabeko bizitzak irudikatzen lagundu nahi duen ariketa kolektiboa da lehiaketa». Eta Asun Casasolak urteotan guztiotan berdintasunaren bidean egindako lana omentzearekin batera, «hitzak batuz» gizartea eraldatzeko helburua ere badu ekimenak.

Alde horretatik, Asun Casasolak urtero ehundik gora hitzaldi ematen ditu eskolaz-eskola, bere alaba Nagore Laffagen erailketaren istorioa kontatzeko eta gazteengan kontzientzia sortzeko. «Gizartea behetik gora aldatu beharra dago, heziketa ezinbestekoa da, eta bide honetatik jarraitu beharra dago», adierazi du Casasolak ipuin lehiaketaren ekimenak duen garrantzia nabarmenduz.

Izan ere, hastapenetik gazteen kategoria sustatu nahi izan badu ere, Parean elkarteak azken urteetan eskoletan egindako lanketari esker, garapen polita izan du ikasleen parte-hartzeak. Llorentek aditzera eman duenez, «aurten euskarazko gazteen kategoria izan da gehien hazi dena».

Hala ere, aurrekoetan bezala, helduen gaztelaniazko kategorian jaso dituzte lan gehien, eta ororen emakumezkoek idatziriko lanak dira. Euskal Herritik bertatik jaso dituzte erdia baino gehiago, baina atzerritik ere iritsi zaizkie. Hala nola, Katalunia, Espainiako Estatutik, Kuba, Argentina, Peru, Txile edo Kolonbiatik.

Dena den, ipuin lehiaketaren antolatzaileek gazteen ekarpena eta ikastetxeen inplikazioa goraipatu dute, haien parte hartzeak indarkeria matxisten kontrako pedagogian duen garrantziagatik. Geroz eta gehiago dira idazteko ariketa egitera animatzen diren hezkuntza zentroak. Aurten, Bidasoaldeko Hondarribiko Talaia institutua, Irungo Eguzkitza eskola eta Toki Alai BHIko ikasleen lanak jaso dituzte. Baita Nafarroako Larraintzarko eskola, Orereta Ikastola, Markinako BHI, Ellakuria-Zurbaran BHI edota Barakaldoko Antonio Trueba institutukoenak ere.