Irrisarri Land udalekuetan izena emateko epea martxoaren 17an itxiko dute

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 4a

2017az geroztik Irungo Udalak Irrisarri Land abenutra parkean antolatzen ditu bere udalekuak. Formula arrakastatsua dela ikusita, aurten ere guztira 300 plaza eskainiko dituzte. Uztaila eta abuztuan, adinaren arabera banatutako astebeteko iraupena duten sei txanda antolatuko dituzte. Txanda bakoitza 50 haurrek osatuko dute, eta martxoaren 17ra arte izena emateko epea luzatu dute. 

Lehenengo txanda uztailaren 2tik 8ra izango da 8 eta 10 urte artean dituztenentzat. Bigarren txanda 11 eta 13 urte arteko haurrak izango dira protagonista, uztailaren 8tik 14ra. 2013, 2014 eta 2015 urteetan jaiotako haurrek beste bi txanda izango dituzte: uztailaren 20tik 26ra, eta abuztuaren 1etik 7ra. Uztailaren 14tik 20ra hirugarren txanda egingo dute, eta berriro 8 eta 10 urteko haurren txanda helduko da. Helduenek, 14 eta 16 urte bitarteko gazteen txanda bosgarren astea izango da, hain zuzen, uztailaren 26tik abuztuaren 1era bitarte.

Izena emateko epea hilaren 17an bukatuko da, eta martxoaren 26tik apirilaren 1era behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte. Behin betikoak, berriz, apirilaren 13an argitaratuko dituzte, eta 17an zozketaren emaitzak. Hortaz, behin prozesu hau egin ostean, apirilaren 20 eta 28 bitarte familiek behin betiko izena emateko aukera izango dute. Udalekuen informazio zehatza eta xehatuta Irrisarri Landera joango diren haurren familiekin egingo duten bileran argituko dute.

Iaz bezala, aurten ere, ahalmen ekonomikoaren araberako ordainketa sistema martxan jarri dute. Familia bakoitzak tarifa bat aukeratu beharko du: 19.417 eurotik beherako errenta: tarifaren % 5 (10,27 euro); 29.911 eurotik beherako errenta: tarifaren % 35 (71,89 euro); 37.136 eurotik beherako errenta: tarifaren % 75 (154,05 euro) eta 37.136 eurotik gorako errenta: tarifaren % 100 (205,40 euro).

Irrisarri Landeko udalekuez gain, 2015 eta 2018 artean jaiotako haurrek AbenturaERO udaleku programan parte hartu ahalko dute. Haurrak aisialdian elkarrekin jolastea bultzatzeko eta aisialdian euskararen erabilera sustatzeko jarduerak egingo dituzte. Udaleku hauetan parte hartzeko izen ematea apirilaren 13tik 24ra izango da.