Betidanik maskulinizatutako garraioaren sektorean emakume gidariak estereotipoak apurtzen hasi dira

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 5a

Merkantzien garraioan oraindik ere gizonak dira gehienak, baina bidaiarien sektorean emakume gidari asko dagoela ondorioztatu dute Plaiaundi Lanbide Heziketa Institutuak antolatutako emakume profesionalen arteko mahai-inguruan. Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, emakume gidariak eta irakasleak gonbidatu dituzte, haien esperientzia kontatu eta sektoreak dauzkan genero-arrakalari dagozkion erronkak aztertzeko. Sektorea aldatzen ari dela diote, baina oraindik ere estereotipoek pisu handia dutela.

 

Plaiaundi Lanbide Heziketako Institutuak “Emakume Gidaria” mahai-inguru irekia ospatu zuen atzo. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, garraioaren sektorean emakumeek duten presentzia eta, oraindik ere, dituzten erronkak aztertzeko hainbat profesional eta aditu gonbidatu zituzten. 

Bertan, Arantxa Bravo eta Izaskun Etxeberria, Plaiaundiko Errepideko Garraioko Ibilgailuen Gidaritza zikloko irakasleek, Cristina Gonzalez, Transportes Goitia enpresako salgaien errepideko garraioko gidariak, Paula Martínez, Dbus-eko garraio zerbitzuko gidariak, eta Amaia Chaurreau, Ekialdebuseko trafiko-kudeatzaile eta gidariak parte hartu zuten. Solaskideek argi utzi dute sektorea aldatzen ari dela, baina oraindik ere estereotipoek pisu handia dutela. «Oraindik jendea harritu egiten da emakume bat gidari gisa ikustean», nabarmendu zuten. 

Garraio sektorearen errealitatea aztertu zuten. Eta argitu zutenez, bidaiarien garraioan emakume gehiago daude gaur egun, baina salgaien garraioan oraindik presentzia txikia da. Hala ere, azken urteotan Euskadin (EAE) emakume gidari gehiago ikusten hasi direla nabarmendu dute, nahiz eta Europako herrialde batzuk aurreratuago dauden arlo honetan.

Laneko inguruneaz galdetuta, parte-hartzaileek azaldu dute hasieran gizonezko lankideei arraroa egiten zitzaiela emakume gidariak izatea. «Baina ez dugu diskriminazio edo arazorik izan, eta gaur egun normalizatuta dago», argitu zuten. Segurtasunari dagokionez, ordea, kezka agerian geratu da. Bakarrik bidaiatzen dutenean, emakume gidari batzuek atseden guneetan neurri bereziak hartzen dituztela azaldu dute. Beste gidariak dutxatu eta gortinak itxi arte itxarotea, adibidez. Alde horretatik, atseden guneetan zaintza beharrezkoa dela diote. 

Jardunaldiak ikusgarritasuna eman die emakume profesionalen ahotsei, eta erreferente errealak eskaini dizkie bertaratu diren ikasle eta herritarrei. Lanbide Heziketa gizartearen eraldaketan jokatzen duen papera nabarmentzeko, eta Plaiaundi LHII zentroak berdintasunaren alde duen konpromisoa ikusarazteko ere balio izan du jardunaldiak.