Euskararen herria auzoetatik josi nahi dute Irungo Korrika Egunean

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 6a

Martxoaren 21ean 13:30ean Korrika Egunaren ekitaldi nagusia ospatuko dute Irungo San Juan plazan. Aurtengoan, aurreneko aldiz, hiriko auzo elkarte guztiek bat egin dute AEKren euskararen aldeko ekimenarekin. Goizean norbere auzotik hasiko du euskararen aldeko festa, eta ondoren, Landetxatik, Urdanibia-Berritik eta Behobia-Artiatik antolatutako hiru zutabetan, gainerako auzokideak biltzen joango dira "Euskara gara" erdigunean aldarrikatzeko.

Duela bi urte Korrika Irungo San Juan plazatik abiatu zen, eta oroitzapen politak utzi zizkigun. Oraingo honetan, aldiz, 24. Korrikaren lekukoa bitan pasatuko da irundarren eskuz-esku. Bietan goizeko ordu txikitan. Martxoaren 24an 03:44ean Irunera sartuko da Gurutzetik, eta Landetxa, Arbes eta Behobia auzoetatik Bortzirietara joko duen bitartean, martxoaren 25ean Urruñatik iritsiko da eskualdera (03:49ean), eta Hendaia (04:46) zeharkatu eta gero, Irungo erdigunetik (04:57) pasatuko da.

Hala ere, aurretik motorrak berotzeko aukera izango da martxoaren 21ean Korrika Eguna ospatuz. Eta Irunen euskararen alde inoiz eramandako elkarlanik handienaren lekuko izango da gainera. Auzoek inoiz baino presentzia handiago izango dute. Hiru ardatzetan gorpuztuta, auzoetatik abiatu eta San Juan plazan elkartzeko deia luzatu baitute erdigunean ospatuko den ekitaldi nagusiarekin eta jaialdiarekin amaitzeko.

Euskararen herria auzoetatik eraikiz

Izan ere, azken hilabeteetan Korrika Batzordean parte hartu duten eragileen elkarlanetik, programazio oparoa antolatu dute martxoaren 21ean Irungo Korrika Eguna ospatzeko. Euskal kultur eragileekin batera, Irungo auzo elkarte guztiek bat egin dute ekimen honekin aurreneko aldiz. Maddi Sanz, Irungo AEKko kide eta eskualdeko Korrika lantaldearen arduradunaren esanetan, «lankidetza honek izugarrizko fruituak eman ditu, espero genuena baino askoz hobeto joan baita». San Migel, Anaka-Puiana, Santiago, El Pinar, Erdigunea, Alde Zaharra-San Juan, Arbes, Urdanibia Berri (Uztarri-Ona), Dunboa, Larreaundi-Olaberria eta Artia auzo elkarteek indarrak batu dituzte euskararen alde. 

Larreaundi-Olaberria auzo elkarteko Mikel Valerok argitu duenez, azken urteetan zenbait auzo elkartek euskararen erabilera bultzatzeko dinamikak abiatu dituzte. Larreaundin, adibidez, AEKrekin adostutako hitzarmenari esker, euskara ikasteko klaseak ematen dituzte auzo elkartean. Eta azken urteetan Euskaraldian parte hartu dute, eta Euskararen Eguna ospatu izan dute auzoko Eguzkitza eskola eta eragileekin batera. «Akaso orain arte auzo elkarteek ez zuten pentsatzen euskararen inguruan lan egin behar zutenik, edo ez zuten ulertzen haien rola zenik, eta gutxinaka ikusten ari gara bide hori ere egiten ari direla», azpimarratu du Valerok. 

Martxoaren 21ean ospatuko den Korrika Eguna beraz, lehenagotik egindako lanketa horretatik dator bere ustez, eta «honek erakusten du auzoak leku egokiak direla euskara lantzeko». Azken batean, Irungo auzo guztiek bere elkartea dute, eta auzo elkarte guztiak federatuak daudela kontuan hartuta, auzoetan egituratzen eta funtzionatzen duen hiri bat da Irun. «Auzoak bizitza sozialaren parte garrantzitsua dira, eta auzo elkarteak komunitate sendotzeko ezinbestekoak», dio Mikel Valerok. Baina komunitate hori euskalduna izan dadin lanean ari dira asko eta askok. Eta 24. Korrikaren aitzakiarekin sortutako elkarlanetik, komunitatea euskaratik josten ari direla nabarmendu du. «Guretzat mugarri handia da, auzo elkarte askok haien egitaraua antolatu dutelako, eta gero elkarlanean bat egingo dutelako hiru zutabe horiek erdigunean elkartzeko», dio. 

Hiru zutabe, hiri oso bat

Aipatu bezala, San Juan plazan ospatuko dute Irungo Korrika Egunaren ekitaldi nagusia. Baina Korrikak eta euskarak hiri osoan izango du oihartzuna martxoaren 21ean. Izan ere, auzo elkarte guztiak elkarlanean ariko badira ere, norbere auzoan programazio propioa antolatuko du goiza hasteko. Iragarri dutenez, auzo elkarte bakoitzak bere kartelak plazaratuko ditu datozen egunetan. 

Maddi Sanzek argitu duenez, hiru zutabeak 13:15etarako San Juan plazan elkartzeko asmo dute, 13:30ean ekitaldi nagusia hasteko. Eta auzoetatik etortzerik ez dutenentzat, aldiz, trikipoteoa egongo da 12:30etik aurrera plaza inguruak girotzeko. Haatik, auzoz-auzo, lehen zutabea Landetxatik aterako da, eta Belaskoenea, Oinaurren eta Lapitzeko jendea biltzen joango da bere ibilbidean. Bigarren zutabea, berriz, Urdanibia-Berritik abiatuko da, eta Anaka-Puiana, San Migel, Antzaran eta Pinudiko bizilagunak jaso ondoren, Zabaltza plazan euren jarduerak amaitzen ariko diren Erdigunekoak batuko zaizkie gero, San Juan plazara joateko. Azkenik, Artia eta Behobiko auzo elkarteek bat egingo dute hirugarren zutabean. Eta erdigunerako ibilbidea zehar, Dunboa eta Santiago auzo elkarteko ospakizunetako partaideak jasoko dituzte bidean. 

Euskara integraziorako tresna

Euskararen aldeko aldarririk ez da faltako beraz Irunen martxoaren 21ean. Korrika Eguna izango da Irunen, baina nazioarte mailan Arrazakeria Desagerrarazteko Eguna ere bada. Eta hau kontuan hartuta, auzo elkarteetako ordezkariek hiri inklusiboago eta berdinzaleago baten alde egiteko ospakizuna izan dadin bilatu nahi dute. «Benetan pentsatzen dugu euskara integraziorako tresna egokia izan daitekeela gure auzoetan, euskara eta arrazakeriaren kontrako jarrera bateragarriak direla, komunitate justuago bat lortzeko», aldarrikatu du Mikel Valerok. 

Alde horretatik, auzo elkarteak auzo bizitza eta komunitatea indartzeko garrantzitsuak direla diote, eta beraz, komunitatea euskaraz josten jarraitzeko deialdia luzatu dute. «Irundar guztiei dei egiten diegu Korrika Egun ospatzera etor daitezela, euskaraz jakin edo ez jakin, hemengoak izan edo ez izan, Korrika Egun bikain bat ateratzeko».