Bi hamarkada ondoren, lehen obrak ospatu nahi ditu Irungo Udalak San Migel-Anakan

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 10a

2008an abiatu zuten San Migel-Anaka eremuko hirigintza garapenaren proiektua. Eta azkenik, martxoaren 13 honetan hasiko dituzte lanak. Atzerapenaren tamainako bultzada suposatuko du proiektu honek orain, irundarrek pairatzen duten etxebizitza publikoaren zorra kitatzen hasteko. Irungo Udalak obren hasiera ospatzeko ekitaldi instituzionala eta festa antolatu du auzo elkarteekin batera. 

Etxebizitza baten beharretan dauden irundarrek ez dute gauza handirik ospatzeko. Izan ere, San Migel-Anaka eremuan Irungo Udalak iragarri dituen 887 etxebizitza publikoen giltzak banatu bitartean, gehienek, Irunviko zerrendetan itxaron eta prekarioan bizirauteko alternatiba besterik ez dute izango.

Hala ere, Irungo Udalak, 18 urtez atzeratu den proiektuaren urbanizazio lanak ostiralean, martxoak 13an, hasiko dituztela ospakizunetarako arrazoia dela erabaki du. Eta obren hasieran ekitaldi instituzionalaz gain, San Migel eta Anaka-Puiana auzo elkarteekin batera, hirigintza garapen honek suposatuko duen eraldaketa gizarteratzeko festa antolatu dute larunbatean.

Martxoaren 13an hasiko dira San Migel-Anakako eremuaren urbanizazio lanak. MOYUA-AMENABAR ABEE enpresari esleitu dizkiote lanak, 27.698.489 euroren truke.

Egiari zor, bi hamarkada luze behar izan dira lehen lur mugimenduak ikusteko. 2008an onetsitako Hiri Antolamenduko Plan Bereziak, hasieran, eremu horretan eraisketa gehiago egitea aurreikusten zuen, etxebizitza gehiago eraiki ahal izateki. Plana aldatu egin zen gerora, eta 2016an Planaren Aldaketa behin betiko onetsi ondoren, eraitsi behar ziren eraikin horietako asko sendotu egin zituzten. Irungo Udalak etxebizitza horiek birgaitzeko dirulaguntzak sustatu eta eman zituen.

2016an Plan Bereziaren Aldaketa onetsi ondoren, Barne Eraberritzeko Plan Berezia, Urbanizazio proiektua eta Birpartzelazio proiektua izapidetu egin zituzten, eta horrekin batera, azken proiektu hori onetsi baino lehen, lurzoruaren kalitatearen azterketa egin eta aitorpena lortu behar zen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren eskutik.

Urte hauetan zehar, Irungo Udalak, IRUNVIren bitartez eta aipatutako ziurtagiria lortzen zuen eta eremua garatzeko tresnak izapidetzen zituen bitartean, beharrezkoak ziren eraisketak egiten joan da, urbanizazio lanekin ahalik eta azkarren hasteko. Aldi horretan CONATEC fabrika eta Aguerre 2-4, Aguerre Txiki eta Santa Barbara eraikinak eraitsi zituzten, besteak beste.

Eta Anaka kaleko Izartxo Enea eraikina eraitsi ondoren, Sancheski fabrika eraistea geratuko litzateke. Horretarako, ordea, industriaren espedientea lortu behar dute. Horrek, aldiz, ez du urbanizazio lanen hasiera atzeratuko, eta ostiral honetan hasiko dituzte.

Etxebizitza sustapen historikoa

Alde horretatik, iaz Irungo Udalak lortutako Etxebizitza Gune Tenkatuaren izendapenarekin batera, Cristina Labordak iragarri zituen 1.000 etxebizitza publikoen hitza betetzeko, ezinbesteko proiektua da San Migel-Anakakoa.

Eta urrats garrantzitsua dela irudikatzeko, ekitaldi instituzionala egingo dute obrei hasiera emateko. Bertan, hirigintza garapenaren eta obra planaren alderdi nagusiak, eta izango dituen erabilera berriak gizarteratuko dituzte.

Bestalde, San Migel eta Anaka-Puiana auzo elkarteek hamaika jarduera antolatu dituzte larunbatean "Eraiki zure auzoa" lelopean. Iragarri dutenez, Julian Sanchez parkean, goizean zehar, auzotar ororentzat tailerrak, puzgarriak, haurrentzako jolasak, petanka txapelketa, paella jana eta txaranga antolatu dute. Espazio berriak sortzeko informazioa helarazteko gune bat ere jarriko dute, eta bertan, Cristina Laborda alkateak urbanizazio lanen garapenari buruzko hitzaldi informatiboa eskainiko du.

Arratsaldean ere, auzoan giroa egongo da. Bingoa, txokolate jana, magia ikuskizuna, eta Remember taldearen kontzertuarekin borobilduko dute eguna.