Ekainaren 5etik 7ra Bioterra azokaren 23. edizioa ospatuko da Ficoban. Euskadiko EkoAzoka gisa berrizendatuta, 120 erakusketari eta 70 tailer eta hitzaldi jaso zituen iaz, eta bertara hurbildutako 10.000 bisitariek erakutsi zuten, bizimodu osasungarria eta ama lurraren zaintzarekin kezkatua dagoen berezko bezero sendoa duela. Ibilbide luzea egin du azokak orain artean, sektore eta kontsumo ekologikoaren erreferente bilakatuz. Baina Maialen Gaztañaga zuzendariak azpimarratu duenez, «sektorearekin batera hazten joan den azoka bada, gure heldutasunera iritsi garela esan dezakegu».
Alde horretatik, aitzindaria izanagatik ere, helburuak berritzeko erabakia hartu zuten iaz. Eta kanpo aholkularitza enpresa batekin egindako diagnostikoaren ondotik, hurrengo urteetarako plan estrategiko berria dute Ficobako arduradunek. «Etengabe hazten eta eguneratzen dituen sektorea» dela gogoan du Gaztañagak. Eta orain hiru zutabetan oinarritutako "Cultivamos lo que perdura" izeneko estrategia abian jarri dute. «20 urteotan komunitate gero eta handiagoa bilakatu da», dio Bioterra azokaren zuzendariak, «ekoizteko, kontsumitzeko eta bizitzeko moduak eraldatzeko lagungarri izan da, baita horren lekuko ere». Orain, berriz, bultzada berri bat eman nahi diote, «komunitatea eraikitzen jarraitzeko, ezagutza, elikadura ekologikoa eta pertsonen arteko harremanak» ardatz hartuta.
Ildo estrategikoak hiru direla argitu du: zahartze aktiboa eta bizimodu osasuntsua; autozaintza eta oreka emozionala kontuan hartuko duen ongizate holistikoa; eta sektore ekologikoaren garapen profesionala (hornitzaile, ekoizle eta banatzaileen artean). Horretarako hain justu, ekainaren 5etik 7ra ospatuko den hurrengo Bioterrak profesionalen arteko topaketa batekin hasiko dutela iragarri du Gaztañagak.
Berritasunen artean ere, aurten, "Hope! Estamos a tiempo" dokumentalaren proiekzioa izango da. ZineForum formatuan proposatuko dute, eta Bioterrari lotuta bada ere, Ficobatik kanpora eta azokaren egutegitik kanpora atera nahi izan dute ekimena. Iragarri duenez, Recicla Birziklatu elkartearekin lankidetzan antolatuta, «abian dagoen klima aldaketa geldiarazteko alternatibak daudela erakutsi, eta ikuspegi itxaropentsu baina pragmatikoa» eskaini nahi dute. Hartara, El Gatoverde Producciones eta Cine 365 Films-en eskutik Javier Peñak sortutako dokuseriearen hiru emanaldi proposatuko dituzte (bi tala proiekzio bakoitzean), ondoren adituekin mahai-inguruak antolatuz.
Aurreneko proiekzioa Ekoetxea Txingudin egingo dute IHOBEren laguntzarekin martxoaren 28an, eta lekuak erreserbatu daitezke. Beste bi emanaldiak, aldiz, apirilaren 28an Ekolurraren egoitzan (Zornotzan) eta maiatzaren 28an Cristina Enea Fundazioan (Donostian) egingo dituzte.
Agroekologia, Bioterraren sustraietan
Bestalde, Bioterra azokak aurten bilduko dituen erakusketari eta eskaintzari dagokionez, urtero bezala, bioeraikuntza, kosmetika ekologikoa edota energia berriztagarrien azken nobedadeak aurkitu ahal izango dira. Baina kontsumo kontzientea eta elikadura ekologikoa izan da beti azokaren muina. Aurtengoan ere, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra-ENEEK) eskutik ekologikoan ari diren ekoizleen produktuak balioan jarriko dituzte. Gero eta gehiago direla nabarmendu du Xabier Lejarzegik, ENEEKeko zuzendariak.
Bioterraren atarian, urtero, aurreko urteko ekoizpen ekologikoaren garapenaren berri ematen du nekazarien kontseiluak Ficoban esklusibaz. Lejarzegik azaldu duenez, 2008 urtean hasi ziren parte hartzen Bioterran, eta orduz geroztik sektorea etengabe hazi bada, azken urteetako garapena nabarmena izan da EAEn. «2008. urtean 273 ekoizle ginen, eta 18 urte geroago 813 kide gara sarean», azaldu du, «eta hasiera batean 1.300 hektareako azalera bazen ekologikoan ekoizten, orain 18.167 hektarea hartzen ditu».
Azken urtebetean, hazkuntza «historikotzat» jo du azalera osoari dagokionez, %43 emendatu baita 2024arekin alderatuz, eta 5.478 hektarea batu dira ekoizpen ekologikora. Baina batik bat larre ekologikoei esker eman dela aitortu du, Amezketa, Ataun, Zaldibia eta Urduñako udalek abeltzainei eskainitako larre komunalak direla eta. Era berean, Arabako Errioxan mahastigintzak ere, gero eta eremu gehiago hartzen duela argitu du.
Alde horretatik, balorazio kuantitatiboa baikorra bada ere, kualitatiboki ez hainbeste. «Azken 18 urtetan lur asko okupatzen duten ekoizpenetan eman da ekologikorako jauzia, baina baratzegintzan, adibidez, ez da hainbeste normalizatu, eta elikaduraren merkatuan ez du kopuruetan hainbesteko pisurik oraindik». Nolanahi ere, itxaropentsu azaltzen da Ekolurra erakundeko kidea, «sektorean belaunaldi berritzea erronka handienetakoa bada ere, sareko ekoizleen %17 (40 urtetik beherakoak) gazteak dira, eta emakumeen presentzia ere handia da (%29), sektore tradizionalaren dinamika aldatzen doa», dio Lejarzegik.