Mobilizazio eguna: duin bizitzeko haina emango duen soldata baten alde

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 16a

Euskal gehiengo sindikalak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa aldarrikatzeko grebara deitu dute astearte honetan (M17) Hego Euskal Herrian. “Gutxieneko soldata hemen erabaki. 1.500 euro. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko” lelopean egingo da mobilizazioa hiriburuetan eguerdian, eta Bidasoan 18:00etan, Mendelutik Irungo San Juan plazaraino joko dute. Goizean pikete informatiboak eta autokarabanak ibiliko dira, Irun eta Hondarribiko industriagune eta lantegietan.

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Greba Orokorra deitu dute martxoaren 17 honetan Hego Euskal Herri osoan. Euskal Herriko gehiengo sindikalak, soldata minimoa 1.500 eurokoa izatea proposatzen du, izan ere, milaka langile dira Espainiako Estatuko soldata minimoarekin (SMIC) edo hango lan hitzarmen eskasekin lan egiten dutenak. Baina Euskal Herrian bizitza askoz ere garestiagoa da.

Aratz Alzaga, Oarso-Bidasoko LAB sindikatuko kideak azaldu duenez, greba orokorra egitea beste alternatibarik ez dute izan. «Saiatu gara bai Nafarroan, bai Eusko Jaurlaritzarekin ere negoziatzen, eta ez dugunez ezer lortu mobilizazioa da bidea», argitu du Antxeta Irratian.

Deitzaileen arabera, gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izateko neurriak 165.000 pertsona pobrezia egoeratik ateratzeko aukera emango luke Hego Euskal Herrian, eta beste milaka lagunen egoera hobetuko luke. Alzagak emandako datuan arabera, «Hego Euskal Herrian bost langiletik batek kobratzen du 1.500 euro baino gutxiagoko soldata, eta beraz 307.000 langileri eragingo lioke gutxieneko soldata propio baten ezartzeak». Eta datu hauetan arakatuz gero, «soldata arrakala asko arinduko lituzke» bere ustez. Izan ere, 1.500 euroko ordainsaria baino apalagoa duten 3 langiletik 2 emakumezkoa dela dio LAB sindikatuko ordezkariak, eta «zeresanik ez gazteak eta pertsona arrazializatuak hunkitzen dituela». 

Mobilizazio eguna

Horiek hala, bihar greba orokorra eta mobilizazio eguna izango da. Sindikatuek iragarri dutenez, goizeko 6:00etatik aurrerta industriaguneetako piketeak mobilizatzen hasiko dira lantegietan informatzen, eta Irunen zein Hondarribian autokarabanak ibiliko dira 7:30etik aurrera. Era berean, Pio Baroja institutuan eta hezkuntza zentro nagusietan gazte piketeak ariko dira goizean zehar, eta Irungo erdiguneko hirugarren sektoreko establezimenduetan ere ibiliko dira pikete informatiboak. 

Bestalde, herritar guztiak deitu dituzte antolatutako manifestazioetan parte hartzera. 12:30etan, Donostiako Pio XII. plazatik abiatuta (Koldo Mitxelena liburutegiaren ataritik). Eta Bidasoa eskualde mailakoa, aldiz, 18:00etan Mendeluko Zubimuxu biribilgunetik abiatuta, eta San Juan plazaraino. Ibilbidean zehar, Pentsionisten Blokea eta Gazte Blokea batuko zaie manifestazioari. 

Gaur 12:30etan manifestaziora deitu dute Donostian. Eta Bidasoaldean, Hondarribiko Mendelu auzotik Irungo San Juan plazara egingo dute manifestazioa 18:00etan.