Tren Txikitoaren estreinekoak markatuko du Oiasso Museoaren Aste Santuko eskaintza zabala

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 24a

Oiasso Museoak aparteko programazioa antolatu du martxoaren 31tik apirilaren 12ra bitartean. Aste Santu eta Pazko Asteko oporraldietan, Bidasoaldeko haur eta familientzat tailerrak, terma erromatarretara eta Ama Xantalen nekropolira bisita gidatuak antolatu dituzte, besteak beste. Irungo kaleetan barrena, Oiasso erromatar hiriaren aztarnak deskubritzeko Tren Txikito elektrikoaren ibilbidea estreinatuko dutela iragarri du Aizpea Goenaga museoko zuzendariak.

 

Tren Txikitoa apirilaren 3an estreinatuko du Oiasso Museoak. Garai batean Irugurutzetako labeetara bisita eskaintzen zuen Behemendiren tren berdearen zerbitzua berreskuratu baino, hobetu egingo dute oraingoan. Aizpea Goenaga museoko zuzendariak argitu duenez, «Irugurutzetara joango da hau berriz irekiko dutenean, baina momentuz, hiriko leku ezberdinetan zehar aztarna erromatarrak eta egindako indusketa arkeologikoak ezagutzeko ibilbide komentatua egiteko aukera emango du». Hain justu, Oiasso Museora bisita barne, Ama Xantalen nekropolia eta ondare gune nagusietara bisita Tren Txikitoan egin ahal izango da Aste Santuetan. «Ondoren igandetan martxan egongo da ere, baina Aste Santutan egingo dugu estreinaldia», argitu du Goenagak. 

Berez, Irungo kaleetan barrena ikusiko dugu martxan apirilaren 3, 5, 6 eta 12an, eta bisita gidatuak 11:00etan (gaztelaniaz) eta 12:30ean (euskaraz) proposatuko dituzte. Azaldu dutenez, Tren Txikitoa elektrikoa den heinean, jasangarria da, eta matrikulazio baimenak batetik, eta lehen frogetan izandako arazo teknikoak bestetik, atzeratuz joan bada ere, oporraldi hauetan berritasun handia izango da. Abiapuntua terma erromatarren plazatxoa izango du, Beraun kalearen hasieran, eta bisitaren prezio 10€koa bada ere, prezio murriztua 7€koa da. Erreserbak museoaren webgunean egin daitezke

Baita gainerako bisita gidatu eta eskaintzarako ere. Izan ere, terma erromatarrak ireki zituztela lehen urtea beteko den honetan, programazio oparoa prestatu du museoak. 2025ean, apiriletik aurrera bisitarien gorakada nabarmena eragin zuen «erromatar garaiko bainuak, higienea eta topagune soziala ziren» terma hauen aztarnategiak. Juanjo Jimenez, Oiasso Museoko zuzendari laguntzaileak hasierako arrakastak museoa iaz 44.000 bisitarien langa gainditzera eraman zuela gogoratzen du, hala ere, «termak betiko hor daude, eta erreklamu galanta da, Euskal Herrian hirigunean bertan halako beste erromatar aztarnategirik ez baitago». Eta Kantauriar isurialdean, Gijon (Asturias) hirira jo beharko genuke antzeko zerbait topatzeko. 

Horiek hala, Aste Santuko bisita gidatuen eskaintzan, terma erromatarrak protagonista izango dira berriz. Batetik, Errealitate Birtualeko betaurrekoen laguntzarekin, nolakoak ziren ikusi eta ur-berogailuak nola funtzionatzen zuten ulertzeko aukera ematen duen bisita egingo baitute larunbatero, apirilak 2, 4 eta 11 (11:00 eta 12:30).

Bestalde, maiatzaren 31 arte ikusgai dagoen Neandertalen inguruko erakusketari lotuta, bisita komentatua proposatzen dute apirilaren 10ean. Dohainik eta euskaraz izango da 12:30ean, baina lekua erreserbatu behar da. Jimenezek gogoratzen dutenez, neandertalen eta homo sapiensaren arteko harremanak eta garaiko aldaketa klimatikoaren ondorioak argitzeko SUBSILIENCE europar ikerketaren berri ematen duen"Neandertalen gainbehera duela 45.000 urte: krisi klimatikoa eta Homo Sapiens espeziearen etorrera"  erakusketa edozein unetan bisita daiteke. Oiasso Museora sartu eta atarian, ezkerreko aretoa ate zabalik dago horretarako.

Haur eta familientzako tailerrak

Bestalde, oporrak direla kontuan hartuta, Oiasso Museoak «jolastuz, arkeologiaz ikasi eta bokazio berriak bilatzeko» aukera ematen duten tailerrak proposatzen dituzte haurrentzat. Zehazki, 8-12 urtekoei zuzenduta "ArkeoLab" tailerrean induskatzeko aukera ematen zaiela nabarmentzen du Aizpea Goenagak. Martxoaren 31 eta apirilaren 7an (astearteak) 11:00etan eta 12:30ean egingo dute.

Asteazkenetan, berriz, historia, arkeologia eta praktika artistikoa uztartzen dituen "Ibilbide bat termetatik" tailerra egingo dute, apirilaren 1n eta 8an, ordutegi berean. «Termetara bisita egingo dute, eta gero mosaiko txiki bat osatzeko aukera izango dute», argitu du Goenagak, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako proposamen honi buruz. Dena den, grina artistikoa duten haurrentzat, "Mosaiko Tailerra" egingo dute espresuki, apirilaren 9an. Antzinako erromatarrek mosaiko ederrekin dekoratzen zuten luxuzko etxeetako zoladura. Eta eszena mitologikoak edo eguneroko bizitzakoak jasotzen zituzten haietan. Gaia landu eta mosaiko horietako baten erreplika egitea proposatzen dute tailer honetan. Aipatutako tailer hauetan izena eman behar da, eta 5 euroko prezioa dute denek. Era berean, Aste Santuko oporraldi guztian zehar, tailer hau modu autonomoan egin nahi duten familiek ere, aukera izango dute.  

Azkenik, museoko zuzendariek nerabeak ere animatzen dituzte Oiasso Museora hurbil daitezen. "Oiassoren Patua" izeneko App aplikazioarekin museoa taldeka bisitatzeko eta deskubritzeko aukera ematen baitute. Aplikazioa dohainik deskarga daiteke, eta museoaren ohiko bisitarako sarrera besterik ez dute ordaindu beharko.

20 urte historia egiten

Oporraldietako programazioa itxita, heldu diren hilabeteetako egitaraua prestatzen hasi direla aitortzen dute zuzendariek. Eta egutegian uztailaren 20a gorriz azpimarratu daukate. «Museoak 20 urte beteko ditu, eta Dies Oiassonis udako jaialdia uztailaren 19an amaitzen denez, lotua joango da», iragarri du Aizpea Goenagak gehiegi aurreratu gabe, «baina sorpresa asko izango ditugu aurrerantzean aipatzeko».