Gogoratu dutenez, 1998az geroztik bi alarde egiten dira Irunen, bata, emakumeak kantineren paperean baizik onartzen ez dituena. Eta ez baztertzailea bestea. Honakoa Emakunderen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoarekin «partikular talde batek» antolatzen duela nabarmendu du Irungo Alarde Parekidearen Juntak, «parte hartu nahi duten orori zabalik».
Haatik, «Alardea mendetan eta mendetan antolatu du Herriko Etxeak», oroitarazi dute eskutitz horretan, eta udala izan aurretik, kontzeju huts zelarik ere antolatzen zuela diote, eta XIX. mendearen bigarren erdialdeaz geroztik eutsi diola gaur egun ezagutzen dugun erari.
«Uste dugu tenore honetan gure hiriak berriro merezi duela Udalak antolatutako Alardea», adierazi diote Labordari, «udal erakundeak barne duen ordenamendu juridiko guztietan jasota dagoen bezala, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa, bai eta sexuagatik ezein bazterkeriaren debeku berariazkorik gabe».
Alde horretarik, EAEko Autonomia Estatutuak ere botere publikoen eginbeharra ezartzen duela oroitarazi diote alkateari, «baldintzak sustatzekoa eta oztopoak gainditzekoa, pertsonek eta beraien taldeek benetako berdintasuna lor dezaten». Horren arabera, «emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna betebehar legal, moral eta politikoa» dela diote, «emakumeen eskubideak bermatzea dakarrena, bai eta pertsona guztientzako aukera berak eraikitzea ere».
Hau guztia kontuan hartuta, Irungo Alarde Parekidearen Juntak arduradun politikoei dei egin die, «berdintasuna ezinezko bihurtzen duten oztopoak desager daitezen» lan egin dezaten, «esparru guztietan, jai girokoetan barne».
Izan ere, aurten 30 urte dira emakume talde batek Irungo Udalari Alardearen ordenantza aldatzeko eskatu ziola, emakume eta gizonezko herrikideek Alardean batera berdintasunez parte har zezaten. Eta Alarde Publikoko agintarien ustez, «hori gure hiriko jaietan ere gauzatzeko tenorea da, Irungo Udalak Alarde parekidea sustatu eta antolatuta».