Irungo airearen kalitatearen datuak herritarren eskura jarri dituzte udalaren webgunean

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 26a

Irungo Udalak hirian sakabanatuak dauzkan airearen kalitatea eta kutsadura partikulak neurtzeko 11 gailuek bildutako datuak herritarren eskura jarriko ditu. Horretarako, irun.eus udalaren atarian aparteko atala sortu dute, neurgailu bakoitzaren kokalekua eta erregistratutako informazioa kontsultatzeko aukera emanez. Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak azaldu duenez, aldagai ugari jasoko ditu, hala nola Airearen Kalitatearen Indizea edo neurgailuek bildutako informazioaren historikoa.

 

Irungo Udalak hiriko airearen kalitatea monitorizatzeko sareak bildutako informazioa eskaintzeko atal berri bat sortu du bere webgunean. Datu horiek herritarren esku jarriko dituzte, ingurumenaren inguruko sentsibilizazioa indartzeko asmoz. Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak azaldu duenez, «Ahalik eta gardenen jokatzen saiatzen gara, eta herritarren ongizatea hobetze aldera, webgunearen atal berri honek aukera emango dio edonori hiriko airearen kalitatea zein den jakiteko, oso modu errazean». Izan ere, atala oso bisuala da, herritarrek informazioa modu errazean kontsultatzeko. Udalerriko airearen kalitatea monitorizatzeko sareak bildutako aldagai ugari jasoko ditu, hala nola Airearen Kalitatearen Indizea edo neurgailuek bildutako informazioaren historikoa.

Zehazki, kontsultatu nahi den neurgailuaren kokalekua, kutsadura edo emisio mota eta informazioaren data tartea ere adierazten du. Webguneko atalak kutsagai bakoitzaren arauzko mugei buruzko informazioa ere badakar, bai eta udalerriko monitorizazio sarea osatzen duten neurgailuei buruzko datuak ere. 

Airearen monitorizazio sarea Irunen

Udalak airearen kalitatea monitorizatzeko sistema osatzen joan da azken urteetan. Izan ere, azken urteetan Isuri Apaleko Eremuak ezartzeko diagnostikoa egiteko baliagarriak izan dira neurketa hauek guztiak hiriko eremu ezberdinetan. Une honetan, Irungo Udalak 11 neurgailu dauzka, NO2, NO, CO, ozonoa eta partikula esekiak (PM10; PM2,5 eta PM1) neurtzen dituztenak. Hain justu, 2024ko maiatzean jarritako aurreneko zortzi neurgailuen sarea osatu duten hiru gehiago instalatu dituzte joan den abenduan, Elizatxo hiribidean, San Juan plazan eta Behobia auzoan.

Olazabalek argitu duenez, monitorizazio sare horri esker, Irungo Udalak airearen kalitatearen bilakaeraren berri dauka. Egindako inbertsioa 240.000 euro ingurukoa izan da, eta lehenengo fasea NEXT Generation-EU funtsen bidez finantzatu zen. Baina Irungo Udalak neurketa-ekipo propioa osatze aldera, hiriko airearen kalitateari buruz informazio baliagarria eskaintzen duen monitorizazio-sarean 160.000 euroko inbertsioa egin du orain arte.

Hortaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen estazio mugikorra Irunen instalatu dute aurten berriro ere. 2023 amaieran jarri zuten lehen aldiz eta, ordutik, hainbat neurketa-kanpaina egin dituzte Colon pasealekuan, Ospitale Zaharrean edota Behobian, besteak beste. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila arduratzen da airearen kalitatea kontrolatu eta zaintzeaz, Airearen Kalitatearen Kontrol Sarearen bidez. Gaur egun, sare hori 55 estaziok osatzen dute, autonomia-erkidegoaren lurralde osoan zehar banatuta. Horietako 18 industria jarduerei buruzkoak dira. Bidasoaldean estazio finko hori Jaizkibelen dago, eta informazioa eskuragarri dago Eusko Jaurlaritzaren webgunean.