EH Bai eta EH Bilduk Aberri Egunerako deia egin dute Irunen

Aitor Errazkin 2026ko martxoaren 30a

EH Baik eta EH Bilduk elkarrekin egin dute aurtengo Aberri Egunerako deia, Irunen egindako agerraldi bateratuan. Astelehen honetan aurkeztu dituzte ospakizunen xehetasunak Irungo Ficoban, eta bertan azpimarratu dute aurtengo eguna testuinguru berezian datorrela, nazioartean piztutako gatazka eta tentsioen artean. Txomin Casteigts EH Bai eta Miren Zabaleta Nafarroako EH Baiko bozeramailearen adierazpenak jaso ditugu

Igande honetan ospatuko da Aberri Eguna, Ezkerreko independentistek bi elkargune nagusi izango dituzte: Baiona eta Iruñea. Bi hiri izan arren, mezu bakarra helarazi nahi dute: «Gerrarik ez. Euskal Herria antimilitarista da, burujabetzaren aldekoa eta autoritarismoaren kontrakoa, feminista eta sozialista».

Testuinguru internazionalari erreparatuta, gerraren aurkako jarrera irmoa azaldu dute, eta aldi berean herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatu dute. Agerraldian, Miren Zabaletak nabarmendu du Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan estatus politikoak berritzeko premia handia dagoela, eta horretarako bertako indarren arteko akordioak ezinbestekoak direla.

EH Bilduren eta EH Bairen arabera, etorkizuna elkarrekin eraiki behar da, eta horretarako «besoak zabalik» dituztela adierazi dute. Helburua argia dela gaineratu dute: Euskal Herri burujabe eta independentista eraikitzea, gehiengo zabal baten bidez. Aurtengo leloa ere ildo horretan kokatu dute: «Zazpiak bat».

EH Bai – Baiona (Aberri Eguna) egitaraua:

09:30 – Elkarteen herrixka (Xaho kaian)
11:00 – Manifestazioa
14:00 – Bazkaria
17:00etatik aurrera – Kontzertuak: Pantxoa eta Peio, Niña Coyote eta Chico Tornado, Orkestra Elektrotxaranga, Izan taldea eta after-a Zizpa Gaztetxean

EH Bildu – Iruñea (Aberri Eguna) egitaraua:

12:00 – Manifestazioa (Golemetik)
13:15 – Kale animazioa (trikitilariak, fanfarrea, gaiteroak…)
16:00 – Haurren gunea (Burgoen plazan)
16:00etatik aurrera – Kontzertuak (Gaztelu plazan): BELE, MARTE LASARTE eta TAPIA eta LETURIA