Gutxienez 2023tik luzatu den egoera ekonomiko txarrak itolarrian du Irungo Euskal Jira elkarteak, eta aurten arrisku eta sakrifizio pertsonal gehiagorik ez egitea erabaki dute kideek. Abuztuan ez da Euskal Jirarik izanen Irunen; hala erabaki zuten abenduan, eta atzo egin zuten publiko.
Joxeja Zabalo elkarteko juntakideak Antxeta Irratian azaldu du "erabakia irmoa" dela, eta "egoera larrietatik" pasa izanaren ondorio dela. Erabakia hartu bezain pronto Irungo Udalari jakinarazi ziotela ere gehitu du, eta penaz bizi du hauen erreakzio falta.
Izan ere, 2025eko Euskal Jirak "aldaketa handi bat" ekarri zuela uste du Euskal Jira elkarteak, eta iazko edizioko antolakuntza ereduari atxikiz gero aitzina egiteko aukera izanen dela diote. 45. urteurrena izan zen iazkoa, eta "inoizko egitarau oparoena" aldarrikatu zuten orduan, Udalaren laguntzarekin.
Gauzak hala, iazko formula errepikatzeko asmoa erakutsi dute 2027rako. Udalarekin elkarlan handiagoa nahi dute bai, baina aitzineko urteetan behin eta berriz egin bezala, herritarrei ere antolakuntzan inplikatzeko deia luzatu diete.