Ijitofobiarekin apurtu eta etorkizun hobea amesten dute ijitoek Irunen

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 8a

Irungo Udalak romani bandera udaletxeko balkoian zintzilikatu du gaur hirugarren urtez, Ijitoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Irungo Kera eta Kale Dor Kayiko elkarteetako ordezkariek, ijitoen komunitateak Euskal Herrian ondo errotutako sustraiak dituela, eta Irungo «mosaiko kulturalaren parte» direla gogoratu dute. Eta ijitoek 600 urtez jasan duten jazarpena gainditzeko, ijitofobiari aurre egiteko deia egin dute, estereotipoak apurtu eta elkarbizitza posiblea dela aldarrikatuz.

Irungo ijitoen komunitateko hainbat ordezkari hurbildu dira gaur Irungo udaletxera. Herriko etxeko balkoian erromani bandera eskegi baitute harrotasunez hirugarren urtez. 1971. urteko apirilaren 8an Londresen aurreneko aldiz ospatutako Ijitoen Mundu Batzarretik, urtero ospatzen duten gaurko eguna, eta haien banderak irudikatzen duen gurdiaren gurpil gorria, Indiatik Europara iritsi eta ijito herri nomadaren izena eta izana odolustu duten injustizia historikoak ekartzen ditu gogora. Historian zehar inbisibilizatu bada ere, naziengandik jasandako genozidioa ere pairatu zuen ijito herriak, bigarren mundu gerrako porraimos deitutako nazien pertsekuzioa. Horretan oinarrituta dago haien "Djelem, Djelem" Jarco Jovanovic yugoslabiar ijitoak sortutako ereserkia. Romani herriaren pertsekuzioaren aurrean erresistentzia eta itxaropena irudikatzen duten haien banderaren koloreek bezala.
 
Irungo ijitoen komunitatearen  ordezkariek oroitarazi dute, «historiak pisu handia» duela, eta Espainiako Estatuan 200 lege baino gehiago onartu izan direla ijitoen kultura, hizkuntza eta tradizioak debekatu eta desagerrarazteko. Eta zama horrek gaur egun oraindik ere irauten duela. «Sei mende igaro ondoren, ijitoen aurkako sentimendua jasaten jarraitzen dugu, non edozer gauza balio duen gu romaniak izateagatik soilik erasotzen gaituztenean. Politikan baztertuta gaude, hezkuntzan ikusezin bihurtzen gaituzte, eta etxebizitza, osasun zerbitzuak eta enplegu duina lortzeko zailtasunak ditugu», salatu du Antonio Dual Jimenezek, Kale Dor Kayiko elkarteko kideak, ijito herriaren aurkako estereotipoak eta aurreiritziak mendeetan zehar Errege Katolikoek, Felipe IV, Fernando VI, Ensenadako Markesak edota Franco diktadoreak erein zutela gogoratuz.
 
Hala eta guztiz ere, eutsi egin diotela dio harrotasunez, eta elkarbizitza posiblea dela sinetsita daude. «Gu etorkizun hobea amesten dugu, eta egunero laguntzen dugu gizarte bidezkoago eta berdinzaleago bat eraikitzen», nabarmendu du. Alde horretatik, ijitofobia eta antijitanismoa desagerrarazteko oraindik ere lan handia egin beharra dagoela azpimarratu dute Kera eta Kale Dor Kayiko elkarteko ordezkariek. Eta politika publikoetatik ere «Irun justuago bat eraikitzeko aukera eskaintzerako garaian» agintariek duten erantzukizuna gogoratu du Azalia Motos Kera emakume ijitoen elkarteko kideak. 
 
Hain justu, aurten hirugarren urtez, Irungo Udalak romani bandera udaletxeko balkoian zintzilikatzeaz gain, udal ordezkariek ijitoen komunitatearekin bat egiten duela gogoratu du Cristina Laborda alkateak. Eta harreman horretan sakontzen jarraitzeko prest azaldu da. «Politika aktiboak egin behar ditugu ijitoen herria ikusarazteko, baina haien aitortza eta erreparaziorako ere», argitu du alkateak, «Irungo gizartearen dibertsitate kulturalak  hiria aberasten duen heinean, identitate aniztasuna balioan jarri eta hiri integratzailea» dela azpimarratuz. 
 
Josu Iguiñiz, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak argi utzi du, zentzu horretan, ijitoen komunitateak ateak zabalik izango dituela beti. Eta azken urtebetean Kera elkartearekin elkarlanean ari direla azpimarratu du. Izan ere, joan den urrian Irungo Udalak, Kera elkarteak, Mariño-Real Union eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, emakume ijitoen selekzio batekin futbol partida eta topaketa bat antolatu zuten Stadium Galen. Eta honekin bezala, beste hainbat ildotan lanean ari direla argitu du udal ordezkariak.
 
Aurreiritziak apurtzeko elkar ezagutza
 
Mementoz, haien eguna ospatzeaz gain, Kera eta Kale Dor Kayiko elkarteek elkar ezagutzari bultzada berri bat emateko asmoz, apirilaren 14an tailer kulturanitzak antolatu dituzte Irungo San Juan plazan, 16.30etik aurrera. Iragarri dutenez, haur eta familientzako jarduerak egingo dituzte, marrazketa, aurpegi margotzea, orri-markagailu eta lore tailerra, eta photocall bat ere antolatuko dute kultuartekotasun gune bat eskainiz. Ijito herria ikusarazteko, eta haien kultura eta historia ezagutzeko aukera eman nahi dutenez, irundar oro hurbildu eta parte har dezala animatu dute.
 
Bilbo Handia eta Gasteizekin batera, Irun da Euskal Herrian gaur egun ijito komunitate handienetakoa duen hiria. Haatik, EAEn 15.000 ijito inguru bizi diren arren, 2022an Jaurlaritzak egindako inkesta batean herritarren %91k aitortu zuen ez duela ijito batekin inolako harremanik. Legez bazterkeriarik jasaten ez badute, gizartean baztertuak direla erakusten dute datuek, baita bizipenek ere. Antonio Dualek adibide argi baten bidez azaldu du: «Ijitoa bazara, ezinezkoa da alokairuan etxe bat lortzea». Lan munduan ere, diskriminazio nabarmenak bizi dituztela kontatu zuen Azalia Motos irundarrak Antxeta Irratiko Solasten Romi podcastean. Izan ere, pigmalion efektua pairatzen dute ijito belaunaldi berriek ere. «Zer esepro du zutaz gizarteak? Bizkargainean zama eta fama txar horrekin jaiotzen gara ijitoak», diote. Baina etorkizun hobeago baten alde lanean ari dira Irunen, 2006tik Kale Dor Kayiko elkartetik, eta emakume ijitoen eskubideen aldeko Kera elkartetik ere 2013 urteaz geroztik.