Irungo Udaleko Gazteria arloak, AbenturaERO! udalekuetan izena emateko epea apirilaren 13an zabalduko du, eta hilaren 24ra arte egin daiteke, eta zozketarako onartutakoen zerrenda apirilaren 30etik maiatzaren 6ra publiko egingo du udalak, eta zozketa maiatzaren 12an egingo dute. 2015 eta 2018 urte bitarteko haurrei zuzendutako udalekuak dira, eta azken urteetan Irungo Udalak antolatzen duen Irisarrilandeko udalekuen, Betti Gotti elkartearen Zuhatzakoak edota Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatzen dituenekin alderatuta, udaleku hibridoak direla azaldu digu Irati Redondo, Gazteria arloko zuzendariak. «Oraindik ere etxetik kanpo hainbat egun pasatzeko bere burua ikusten ez duten haurrei zuzenduta dago, udaz gozatu, eta azken gaua besterik ez baitira lotara joaten», argitu du.
Aurtengo txandak uztailaren 6-11ra, 13tik 18ra, 20tik 25era eta uztailaren 27tik abuztuaren lehenera izango dira. Iaz bezala, aurreko edizioetan baino txanda bat gehiago antolatu baitute, txanda bakoitzean 20 haurrentzako lekuarekin. Aurtengoan, aldiz, aldaketa bat ezarri dute. Izan ere, 2025ean udalekuetan plazarik lortu ez zutenei lehentasuna emango diete berdintasun aukera bermatzeko. Txikienentzako udalekuak direla gogoratzen dute, baina udako eguraldi ona aprobetxatuz, kirol eta abentura eskaintza zabala proposatzen dute. Kanpoko jardueren programa bat ingurunean, aisaldi aktiboko hainbat proposamen: stand up paddle, abentura parkera eta hondartzara irteerak, surfa eta ginkana bezalako jarduerak egiten dituzte.
Irungo Udalak kirola eta abenturari lotutako udako eskaintzaren aldeko apostua egin zuen duela zenbait urte. Udalekuen bilakaera horretan, «familiek eta haurrek bestelako esperientziak eskatzen dituzte» gaur egun Irati Redondo, Gazteria arloko teknikariaren arabera. Eta udalak eskaerari egokitzen jakin izan du azken urteetan. Alde horretatik, Irisarriland udalekuez gain, 8-11 urtekoentzat AbenturaEro udaleku irekiak ere ondo errotu egin direla diote udal ordezkariek. «Duela lau urte sortu genuen programa hau astebete etxetik kanpo pasatzeko oraindik prest ez dauden txikienei zuzenduta», azaldu digu Irati Redondok, «ur eta abentura kirolak egiten dituzte astean zehar, eta behin taldea eta begiraleekin konfiantza hartutakoan Arantzako kanpalekura gaua pasatzeko irteerarekin borobiltzen dute astea». Iaz 80 plaza eskaini zituzten, txanda bat gehituta, eta Bizikidetuz enpresak kudeatu zuen aurreneko aldiz. Udaleku ireki hauen kasuan, haurren autonomia eta elkarbizitzan lehen urratsak egiteko aukera eskaintzen duela azpimarratu dute agintariek, eta balorazio ezin hobea egin dute.
Alde horretatik, udalak iazko udalekuak bukatutakoan, erabiltzaileen gurasoei asebetetze mailari buruzko inkesta bat osatzea eskatu zieten. Eta Irisarriland zein AbenturaEro udalekuetan parte hartu zuten 380 haur eta gazteetatik, guztira 144 gurasok egin egin zuten inkesta. Batez besteko balorazioa 5 punturen gainean 4,78ekoa izan zen.