Diabetesa ikertzen laguntzeko zazpi maratoi solidario korrituko ditu Ana Isabel Pinedo irundarrak zazpi egunetan

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 14a

Apirilaren 19an Irungo Zabaltza plaza inguruan hasiko du 'Diabetesaren aldeko 7x7x7 erronka', eta astebetean Lasarte, Errenteria, Santurtzi, Bilbo, Basauri eta Gasteizen ere maratoi bana egingo du Gipuzkoako Diabetes Elkartearen alde. Igandean, 10:00etatik 16:00ak arte berekin korrika egitera animatzen ditu bidasotarrak 10 euroko dortsal solidarioaren truke, eta asteburuan erdiguneko 9 ostatuk eritasun honen ikerketa bultzatzeko pintxo solidarioa salduko dute 2 euroren truke. 

Duela bi urte, Ana Isabel Pineda irundarrak 101 kilometro korritu zituen Plaiaundiko pistari 252 itzuli emanez. Diabetesa ikusarazteko helburuarekin egin zuen, eta ehun bat lagun batu zitzaizkion hainbat kilometro solidario berekin egiteko prest. Gipuzkoako Diabetes Elkartearen (AGD) eskutik, eritasun hau gizarteratzeaz gain, bere ikerketa lagundu nahi du oraingoan. Eta horretarako erronka itzela onartu du. Astebetean 295 kilometro egingo ditu, zazpi egunetan, zazpi maratoi osatuz. Aurrenekoa, Irunen egingo du apirilaren 19an, baina jarraian Lasarte, Errenteria, Santurtzi, Bilbo, Basauri eta Gasteizen ere gauza berbera egingo du 24 orduro.

Bizitza osoa darama korrika egiten, baina azken urteetan diabetesa pairatzen dutenen bizitza hobetzeko lan egiten duen ADG elkartea laguntzeko ere korrika ari da halako ekimenetan parte hartuz. Eta aurten diabetesaren ikerketa bultzatzen duen DCRA elkartea batu zaio, bere buruari bota dion 2024koa baino erronka handiago honetan.

Apirilaren 19an, Plaiaundiko pista Colon ibilbideagatik aldatuko du. Irungo Udalak Igandero ekimenaren baitan erdiguneko zirkulazioa itxita duela probestuko du, eta 400 metroko zirkuitu batean maratoi bat korritzeko asmoa du, goizeko 10:00etatik 16:00etara. Haatik, esan bezala, ez da bakarra izango. Euskal Herriko zazpi hiritan egingo baitu astebetean. 

Ekimenaren helburua diabetesaren ikerketa bultzatzeko dirua biltzea denez, igandean Ana Isabel Pinedarekin batera korrika egiteko dortsalak eskura daitezke 10 eurotan. Maratoi osoa egin ala kilometro solidario batzuk egiteko bada ere. Eta ekimenaren kamiseta ere eros daiteke 15 eurotan AGD elkartearen webgunean.

Bestalde, Irungo Udalak lagundutako ekimen honekin, bertako ostalariek ere bat egin dute. Eta larunbatean eta igandean, Irungo 9 ostatuk pintxo solidarioa salduko dute bi eurotan. Basque Corner, Gaztelumendi, Bohemian, Sargia, Manolo, Mari, El Muro eta Ekialde tabernetan eska daitezke pintxoak, larunbatean 12:30etik 14:30era eta 19:30etik 22:30era, eta igandean 12:30etik 14:30era ere.