ZAPOREAK GKEa urtero janari bilketa bana antolatzen du herri bakoitzean. 2014az geroztik Lesbos uhartean (Grezia) Moria kanpalekuan martxan duen sukaldean egunero 2.000 otordu kozinatzen baitituzte han trabatuak dauden errefuxiatuak elikatzeko. Irunen, apirilaren 17an eta 18an egingo dute janari bilketa, eta aurrekoetan bezala, makarroiak, lekale lehorrak, atun kontserbak eta olioa bilduko dute batik bat. Iaz ekainean egin zuten kanpaina Irungo supermerkatuetan, eta orduan 5.286 kilo janari jaso zuten.
Aurten sanmartzialen atarian antolatu beharrean, udaberri hasiera honetan egingo dute. Miren Legorburu Zaporeakeko kideak azaldu duenez, «hainbeste errefuxiaturi jaten emateko ezinbestekoa» dutelako. «Guk han dugu sukaldea, beraz, hara eraman dezakegun janari lehorra eskatzen dugu, Martuteneko biltegira eramango dugu, eta hilabetean behin gutxienez trailer bat eramaten dugunez sukaldea hornitzeko, kamioia heldu den hilabetean abiatuko da», azaldu digu.
Bidasotarrei elkartasun deia
Bidasoa eskualdeko herritarrek elkartasunez jokatu ohi dutela gogoan du Zaporeakeko kideak. Joan den otsailean bertan Tadamum elkarteak saharar errefuxiatu kanpalekuetara eramateko Elikagaien Euskal Karabana betetzeko kanpainan, adibidez, Gipuzkoan bildutako 40 tonatatik 16 Irun eta Hondarribia artean jaso zituzten. Eta Zaporeak erakundeak Lesboseko sukaldea hornitzeko egin ohi dituen deialdietan ere, orain artean arrakasta izan dutela dio Legorburuk. «Esan beharra dago Bidasoak oso ongi erantzuten duela beti, eta baikorrak garenez, herritar bakoitzak bere aletxoa jarriko badu, erronka da, ea 6.000 kilo biltzeko gauza garen Irunen», dio.
Horretarako, esan bezala, Irungo Palmera-Montero, Anaka eta Mendibilgo BM supermerkatuetan, eta Juan Arana kaleko Eroskin izango dira boluntarioak janaria biltzen, ostirala eta larunbata honetan. «Lekaleen kasuan, gogoratu behar da elikagai bankuan onartu ohi dituzten kristalezko ontziek ez dutela balio, dilistak, babarrunak, txitxiriroak... lehorrak behar ditugu, han sukaldatzeko, eta bidean puskatu ez daitezen», argitzen du Legorburuk.
Tragedia humanitario etengabeari erantzuten
Lesboseko Moria kanpalekuan egona da boluntario hondarribiarra. Eta ongi daki zer nolako lana egiten duten han. Grezian, Europako kanpo-mugan bizi den migrazio-egoera egunero larriagotzen ari dela ohartarazten du. Baina azken hilabeteetan aldatzen ari dela. Izan ere, 2014an Siriako gerratik ihes egindako errefuxiatuak jaso zituzten han lehen aldiz, eta gobernuak 20.000 pertsona baino gehiago pilatu zituen, berez, 3.000 lagunentzat diseinaturiko espazio batean. Haien oinarrizko beharrak asetu gabe zirenez, kozinatutako janaria eraman du Zaporeakek urteotan guztiotan. Eta egunero 2.000 otordu sukaldatu eta banatzeaz gain, kanpalekuan trabatuak dauden errefuxiatuei duintasuna eta itxaropena ere eraman diete.
Orain, aldiz, Europako parlamentuan migrazio politikak gogortzeko eztabaida bete-betean aurkitzen garen honetan, errefuxiatu kopurua nabarmen apaldu da. «Gezurra dirudi hainbeste urte pasa direnik, baina orain ez dago albistegietan, orain Palestina, Libano, Irango bonbardaketak ditugu lehen lerroan, baina etengabea da bere herrialdeetatik ihes egitera behartuta dagoen jende uholdea», dio Legorburuk, egunean behin otordu bat bermatzea ezinbestekoa dela gogoratuz. Tamalez, europar kanpo-mugetako politiken ondorioz, «gaur egun errefuxiatu gutxiago dago Lesbosen, berez albiste ona beharko lukeena, oso txarra da, horren atzean dagoen arrazoia delako, ez zaiela Europara iristen uzten», salatzen du.
Kontuan hartu behar da, Turkiarekiko duen gertutasunagatik, Lesbos uhartea Europarako sarbide nagusietako bat bilakatu dela 2014az geroztik, jatorrizko herrialdeetatik ihesi datozenentzat. Baina hura ere txiki geratu zenean, Chios zein Atenaseko Patraseko sukaldean ere aritu izan dira Zaporeakeko boluntarioak lanean. Baina Europar Batasunak Turkiarekin 3.000 milioi euroko hitzarmena negoziatu zuen errefuxiatuak Europara heldu ez daitezen bermatzeko. Eta horrek eragin zuzena izan du Lesbosen. «Zaurgarrienak iristeko gaitasunik ez dute, familia gutxiago iristen ari da eta norbanako gehiago», dio Zaporeakeko boluntarioak, «oraingo kanpalekuak ez du duela bi urtekoarekin zerikusirik, asiloa eskatzea eskubide bat zen, baina orain hori ere ez».
Nolanahi ere, milaka pertsona ari dira bizitzen oraindik ere plastikozko karpa eta bloke artean. Zaporeak GKEak sei hilabeterako sortu zuen sukaldearen ekimena, bat-bateko behar humanitario bati erantzunez. Baina 2014tik lanean jarraitzen dute. Aldiz, Europako kanpo-muga hartan dozena bat urteotan gertatu dena agintariek isilarazi egiten dute.