Kontratazio publikoetan berdintasun klausulak aplikatu ditzala exijitu dio EH Bilduk udal gobernuari

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 17a

Elhuyarrek egindako diagnostikoaren arabera, 2019tik Irungo Udaleko kontratu publikoen eta dirulaguntzan %13ak soilik aurreikusi ditu berdintasun-klausulak. Kontratazio publikoetan legea betearazteko «konpromiso politiko handiagoa» exijitu dio EH Bilduk udal gobernuari, egoera bideratzeko Berdintasun Zerbitzua ez ezik, udal arlo guztiak interpelatu behar direla azpimarratuz. Izan ere, zenbait arlotan kontratazioen %2an baizik ez dute aplikatu.

Irungo Udalak azken urteetako kontratazio prozesu eta dirulaguntzen deialdietan genero ikuspegia ez da aski kontuan hartu. Hori da Elhuyarrek egindako diagnostikoaren txostenak ondorioztatu duena. Erakunde honek klausula hauek aplikatzeko «Datu kezkagarriak» agerian geratu dira EH Bildu udal taldearen arabera. Izan ere, 2019tik Irungo Udaleko kontratu publikoen %13ak soilik aurreikusi ditu berdintasun-klausulak.

EH Bilduko bozeramaile Oihana Brionesek ohartarazi duenez «legeak aurreikusten du genero-ikuspegia kontratazio publikoan txertatzea, eta horrelako emaitzen aurrean, Irungo Udalak euskal legea bete eta bere sailen arteko elkarlan bat abiatzeaz gain, egoera honetara zergatik iritsi garen aztertu behar du». Izan ere, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak, lanean emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzko Lege Organikoak jasotzen dituen neurrien artean aurkitzen da, kontratazio publikoetan berdintasun-klausulak aplikatzeko irizpideak.

Alde horretatik, udalak astelehenean egindako Gizarte Ongizateko Batzordean aditzera eman du neurri estrategiko gisa udal-langileentzako gida tekniko bat prestatu duela, irizpide horiek sistematizatu eta udal langileek klausulak txertatu ditzaten. Haatik, EH Bilduren ustez, ikerketak emandako datu txarren aurrean neurri horrek ez du bere horretan egoera bideratuko, eta «konpromiso politiko handiagoa» exijitu du. Besteak beste, 9 urtez deitu gabe dagoen sailen arteko batzordea aktibatzen hastea exijitu du.

Izan ere, %13ko batezbesteko zifra apalegia bada ere, «arlo batzuetan kontratazioen %2an bakarrik» aurreikusi dira genero klausulak. Oihana Brionesek dioenez, «egoera bideratzeko ardura ezin da soilik Berdintasun Zerbitzuarena izan, udaleko arlo guztiak interpelatu behar dira eta hori egiteko udal gobernuaren inplikazio politikoa bestelakoa behar du izan».