Betti Gotti euskal kultur elkartea Irungo Udalaren erantzunaren zain jarraitzen du. Aurtengo Irungo Kuadrilla Eguna ekainaren 20an ospatuko dela aditzera eman zuen Kultura arloak DV egunkarian joan den martxoaren 9an. Eta albiste honek ezustean harrapatu zuen elkarte antolatzailea. Betti Gottik argitu duenez, «antolakuntzarekin hitz egin gabe egitea errespetu faltatzat» hartu dute, «ez zaigu bidezkoa iruditu udalak data gurekin adostu duela esatea, hau horrela izan ez denean». Horren ondoren, martxoaren 18a arte ez dute udalarekin hitz egiteko aukerarik izan. Eta Kuadrillen Egunaren egitaraua bi egunetan ospatzeko elkarteak udalari luzatu dion bigarren proposamenak, ez du oraindik erantzunik jaso.
Irungo Kuadrillen Eguna sanmartzialetako ekitaldirik arrakastatsuena izan da azken urteetan. Elkarte antolatzaileak oroitarazi duenez, 2009. urtean Urantzu pilotalekuan lehen herri bazkaria antolatu zutenetik, helburuak etengabe gainditu ditu ekimen honek, eta azken urteetan Ficobako herri bazkarian 1.800 lagun biltzeaz gain, arratsaldeko kalejira eta ospakizunetan kopuru hori bikoiztu egin ohi dute.
Aurtengoan, aldiz, Irungo Udalak eguna aldebakarrez erabaki eta jakinarazi duela diote. «Eguna aukeratzeko irizpidea beti izan da jendeari begira eta beraien eskaerei kasu eginez ekainaren 23tik uztailaren 1era egongo den larunbatean ospatzen dugu», gogoratu dute, salbuespen bakarra, ekainaren 29 San Pedro eguna eta honen bezperako datek herrian duten garrantziagatik dela argituz. Izan ere, bi egun horietariko bat larunbata izango balitz, aurreko larunbata hartzen dute. «Baina aurten jaietatik kanpo utzi gaituzte», salatu du Betti Gottik gaur plazaratu duen ohar batean. Eta data adostu gabe erabaki izanak, antolakuntza eta logistika arazo larriak ekarri diela azpimarratu dute. «Elkarteak arazo larriak ditu egitaraua aurrera ateratzeko; catering langileak, musika teknikariak, txarangak, kontzertuetako taldeak eta bestelakoak lotuta genituen, data horiek ekintza baina 10 hilabete lehenago hitzartuta zeuden», azaldu du elkarte antolatzaileak.
Hala eta guztiz ere, eta udalaren jokamolde bidegabea salatuta ere, Betti Gottik argitu du Kuadrillen Eguna arrakastatsu baten alde lan egiteko prest dagoela. «Ez dugu gerra batean murgildu nahi, Kuadrilla egunean murgildu eta betiko giro herrikoi eta osasuntsuan baizik», azaldu dute. Baina horretarako udalari elkarlanerako prestutasuna exijitu diote.
Halaber, udalaren erabakien ondorioz, Betti Gotti herri bazkaria ekainaren 20an antolatzera «derrigortuta» dagoela onartzen dute, baina elkarteak proposamen bat luzatu dio udalari. Teknikariarekin egindako bileran, ekainaren 20an Herri Bazkaria bere kalejira eta guztiarekin ospatzea, eta ekainaren 27an gosari herrikoia, Goiti Behera lehiaketa eta txaranga animazioekin programazio luzeago bat antolatzea. «Oraindik ez dugu erantzunik jaso», salatu du elkarteak.