EAJ-PNV udal taldeak 2022ko udal aurrekontuen negoziazioan proposatutako zuzenketa bati esker jarri zuen martxan Irungo Udalak "Zinema euskaraz" egitasmoa. Eta urtez-urte harrera beroa duela ikusita, mantendu ez ezik, indartu nahi izan du Euskara Zerbitzuak aurten. Josu Iguiñiz Euskara arloko zinegotziak aditzera eman duenez, programa abian jarri zutenetik 50 pelikula saio baino gehiago eskaini dituzte, eta 6.500 haur eta gazte inguruk izan dute zinema euskaraz gozatzeko aukera.
Iaz, adibidez, 1.294 ikusle bildu zituzten, eta ikasturte honetan ere, urriaren 18tik azaroaren 23ra proiektatutako 10 pelikuletan, batez bestean 130 ikusle izan dira, ekimenerako egokitutako 160 laguneko Ocines Mendibilgo aretora zinemaz gozatzera hurbildu direnak. Baina programa indartu eta zabaldu nahi izan du EAJ-PNVk, eta 2026ko udal aurrekontuetan eskaintza «sendotu eta bikoizteko», eta urteko 10 hilabetetan eskaini ahal izateko, negoziatu ondoren, gaur apirilaren 26tik abenduaren 29ra bitartean proposatuko duten eskaintza aurkeztu dute Ocines Mendibilgo areto nagusian. Izan ere, ikusle gehiago jasotzearren, oraingoan 235 plazako areto handian antolatu dute 'Zinema Guztiontzat' programa.
Eskaintza anitza eta eguneratua
Guztira 20 proiekzio programatu dituztela argitu du Iosu Iguiñizek, eta oraingo honetan «euskarazko kultur kontsumoa indartzeko eta euskaraz klik egiteko» helduei ere zuzendutako bost pelikula eskainiko dituzte. Aurrenekoa "Gaua" izango da maiatzaren 24an (18:00tan), eta iraila, urria, azaroa eta abenduan pelikula bana emango dute helduentzat; 'Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako', 'Azken erromantikoak', 'Dekoratua' eta 'Kantauri' hautatu dituzte horretarako, denak 2024 eta 2025ean ekoiztutakoak.
Haur eta gazteen eskaintza ere, azken bi urteotan plazaratutako filmak izango dira, eta aurtengo nobedadeen artean "Zinema lasaia" kontzeptua txertatu dute. «Zinema guztiontzat esaten dugunean, guztiontzat izan dadila nahi dugu», azpimarratu du Euskara ordezkariak, «aretoko lehen lerroa dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat erreserbatuko dugu, eta soinua eta argia haiek zinemaz gozatu ahal izateko egokituko dugu».
Ekimen hau Aurreratu elkartearekin lankidetzan aurrera daramate. Gaur egun 30 familiak osatzen dute elkartea, baina desgaitasunen bat duten pertsona guztientzat lanean ari direla adierazi du Mari Llucia elkarteko presidenteak. Eta beraz, saio hauetara animatu ditu behar bereziak dituzten irundarrak «Irunen ekitate eta aukera berdintasuna lortzeko urrats bat gehiago» dela nabarmenduz.
Sarrerak dohainik, baina arduraz erabiltzeko
Euskara Zerbitzuak azaldu duenez, emanaldietarako sarrerak muxu truk dira, eta asteleheneko 14:00etatik ostiraleko 14:00etara eskura daitezke Irungo Udalaren webgunean, proiekzioaren aste berean. Pertsona bakoitzak gehienez ere lau sarrera eskura ditzazke, baina arduraz erabiltzeko eskatu du udalak. Izan ere, banatzen ez direnak Ocines Mendibilgo txarteldegian eskainiko dituzte proiekzioaren egun berean, filma hasi baino 30 minutu lehenago.
Aldiz, erreserba egin ondoren, bertaratzerik ez dutenei arduraz joka dezaten eskatu dute,
euskara@irun.org helbide elektronikora mezu batekin jakinarazi dezatela, sarrera horiek beste norbaitek aprobetxatu ditzan. Izan ere, sarrerak eskuratzeko epea ireki bezain pronto agortu ohi dira. Baina sarrera guztien %20 bat ez dira gero erabiltzen.