Josu Iguiñiz: «Egiten ari garen lana ebaluatu nahi dugu, garatutako programak euskararen erabileran nola eragiten duten neurtzeko»

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 23a

AROA Euskara Plan Estrategiko berria oraindik udalbatzan onartu ez bada ere, Euskara Zerbitzuak bertan aurreikusitako hainbat ekintza abian jarri dituela aditzera eman du arloko zinegotziak. Antxeta Irratian iragarri duenez, Kalean Bai programari helduko diote berriz euskararen erabilera kirolean suspertzeko. Eta aurkeztu berri duten merkataritzarako Euskaraz Barra Barra programaz gain, Zinema Euskaraz ekimena ere indartuko dute aurten, OCines Mendibilgo areto handiago batean haurrentzako proiekzioak bikoiztuz, eta aurreneko aldiz helduentzako filmak ere dohainik programatuz.

Josu Iguiñiz (EAJ) Irungo Udaleko Euskara zinegotzia hizkuntza ohiturak eraldatzeko erronka serio hartu du, eta kargua hartu zuenetik urtea bete berri duen honetan, egindako lanaren eraginkortasuna norainokoa den jakitea ezinbestekotzat jotzen du, aurrera begira erabaki zuzenak hartzeko. Gaur gaurkoz, tokiko agintariengandik hasita «euskara gehiago eginez eredugarriak izan beharra» dutela aitortzen du, eta aldi berean, «Irun euskaltzalea» dela sinetsita dagoenez, herritarrak eta eragileak aktibatuz Irungo Udalak orain artean egindako politika publikoak indartzeko konpromisoa berretsi du Antxeta Irratian. «Bagaude, lanean ari gara eta jarraituko dugu», hitzeman du.

Hala ere, AROA (2025-2029) Euskara Plan Estrategiko berria oraindik ofizialdu gabe dagoela aitortu du zinegotzi jeltzaleak, joan den urte bukaeran onartzera eraman nahi zuen arren. «Adostasun politikoa dago, baina badira arazo juridiko txiki batzuk, aldaketak egin behar dira, baina plan sendoa da eta adostutako ia ekintza guztiak jasoko ditu onartutakoan», aditzera eman du. Aurki onartzea espero duela dio, baita joan den neguan eta udaberrian zehar euskalgintzako eragileekin eramandako lanketan hartutako konpromisoak garatu ahal izatea. Izan ere, planak aurreikusten dituen 68 ekintzetatik 27 eragileek proposatutakoak dira.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea

Alde horretatik, plana onartu gabe badago ere, honek jasotzen dituen zenbait ekintza garatzen hasi direla nabarmendu du Josu Iguiñizek. Joan den astean, adibidez, merkataritza sektorean eguneroko harremanak euskalduntzeko Euskaraz Barra Barra programa aurkeztu berri dute. «Lanketa polita eta sakona» egin dutelakoan dago, eta euskara ulertzen duen langile bat lanaldi osoan duten 87 denda eta establezimenduk 'Euskaraz barra-barra' ikurra dute dagoeneko, bezeroek euskaraz lasai egin dezaketela adierazteko. Udalak 175 establezimendu aztertu ditu horretarako, eta baldintzak betetzen zituzten 116etatik 87k adierazi dute euskararen erabilera bultzatzeko borondatea. Era berean, datu baikorrak ondorioztatu dituzte. Izan ere, aztertutako 175 denda, ostatu eta zerbitzu horietan lan egiten duten 664 langileen artean 355 (%53,5) euskaraz hitz egiteko gai da, eta beste 140 (%21) ez da gai euskaraz aritzeko, baina ulertzen du.

Bestalde, aste honetan aurkeztu dute Mintzapraktika egitasmoa. Azken urteetan gainbeheran joan da Irunen. Hondarribian 85 lagunek parte hartzen duten bitartean, Irunen iaz 40 besterik ez baitziren izan, eta ekimena suspertzeko beharra dagoela pentsatzen du «bereziki euskara ikasten ari diren horientzako». Eta euskaraz egiten badugu? lelopean ireki dute izen emate kanpaina, eta parte hartzeko 688 865 398 telefonora deituz edo mpirun@taupamugimendua.eus helbidera idatziz eman daiteke izena.

Euskara, kultura eta kirola

Baina datozen hilabeteetan beste hainbat ekimen sustatu nahi ditu Irungo Udalak euskararen erabilera suspertzeko. Iguiñizek Antxeta Irratian iragarri duenez, Kalean Bai programari heldu nahi diote berriz. Elkarteen jarduerak euskaldundu eta kirol eta aisialdi denboran elkarteen eskaintzan hizkuntz ohiturak eraldatzeko helburua du, eta 2002an sortu zuten bitartean, 2021a arte ez zuten ia eguneratu. Elkarrekin Podemos gobernuan zela, Miren Etxebeste orduko Euskara zinegotziak aditzera eman zuen kontratua berritu behar zenez programaren funtzionamendua berrikusiko zutela. 

Irungo 81 elkartek hartu zuten euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa. Eta «abiadura ezberdineko elkarteak» daudela aintzat hartu zuen udalak, elkarteetako kideen hizkuntza gaitasunaren araberako konpromisoak hartuz, eta udalaren laguntza tekniko eta linguistikoa beharrei egokituz. Hala ere, oraingo honetan ere, udalak ez zuen gerora elkarteen jarraipen zehatzik egin. Eta elkarteen zerrenda eguneratzeaz gain, orain Josu Iguiniz zinegotzi jeltzaleak azaldu du Kalean Bai programa indartuko dutela. «Kontuan izan behar dugu gazte gehienek D ereduan ikasten dutela, eta eskolaz kanpo erabilera asko jaisten dela», dio zinegotziak, eta horretan eragiteko elkarteekin hitzarmen baten bidez hartu nahi duten konpromiso maila zehaztuko dute. Horren araberako laguntza emango die udalak. Hau da, aholkularitza, itzulpen eta zuzenketa zerbitzua eta elkartearen egunerokoa euskalduntzeko dirulaguntza mota ezberdinak.

Hortaz gain, uda honetan erreferentziazkoak diren hiriko bi elkarterekin aparteko lanketa egingo dutela dio. Eta zehazki, kirol elkarte batekin propio lanean aritu dira Euskara Plan oso bat martxan jartzeko. «Diagnostikoa egingo dugu kirol taldean euskararen egoera zein den argitzeko, eta ondoren neurriak hartuko ditugu hobetzeko, eta bere ebaluazioa egingo dugu», argitu du, «bidea zuzentzeko balio izango digu, eta ikusten badugu horrelako plan bat eraginkorra dela, elkartez elkarte joango gara lanketa beretsua egiten». Oroitarazi beharra dago, orain artean, Real Union izan dela hiriko klub bakarra halako hitzarmen berezi bat egin duena. 2023-2027 urtaldirako klub txuribeltzak 32 ekintza aurreikusten zituen.

Datozen asteetan udalak aurkeztuko duen beste nobedadeetako bat zinema aretoetara gonbidatuko gaitu, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Izan ere, iaz 1.294 ikusle bildu zituen programa honek antolatutako 10 proiekzioetan, eta udazken honetan ere, urriaren 18tik azaroaren 23ra astebururo aretoa bete egin dute. Ekimena arrakastatsua dela ikusita, Zinema Euskaraz gehiago izango dute irundarrek. Iguiñizek iragarri duenez, OCines Mendibilgo areto handiago batean egingo dute gainera. «Proiekzioak bikoiztuko ditugu, 20 guztira eta udan izan ezik, urte osoan zehar sakabanatuko ditugu areto handiago batean, orain arte 160 eserlekuko batean egiten zen, eta 240tara iritsiko gara», azaldu du Euskara ordezkariak, «baina berri nagusia ez da hori, aurreneko aldiz helduentzako filmak ere dohainik eskainiko ditugu aurten, 5 guztira eta Ocines aretoetan, irundarrok zinema euskaraz normaltasun osoz ikusi nahi dugula erakusteko».

Urtean zehar ekimen gehiago, eta egutegiaren arabera, euskarazko kultur eskaintza indartzen jarraitzeko prest azaldu da Josu Iguiñiz. Ez zaio oharkabean pasatzen hala ere, oldarraldi judizialaren ondorioen zain daudela. Hain justu, udal barruko Euskararen Erabilera Normalizaziorako Plana ezbaian jar dezake honek, epaiak 12 artikuluetatik 11 bertan behera utzi dituelako, udal langileen perfil linguistikoena, adibidez. Dena den, «Gauza asko stand by batean daude, bitartean itxaron behar dugu, baina ezin gara etsituta egon, zain gaude, baina aurrera begira lan egin behar dugu».