Zuhaitzak Kudeatzeko Planarekin jarraitzeko kontratu berria esleitu zion urte hasieran Irungo Udalak Tecnatura enpresari. Beharrei erantzuteko urtean 550.000 eurotara emendatu dute kontratua, eta martxoan hiriguneko platanondoen kimaketa kanpainari ekin zion. Hirigunean dauden 15.000 zuhaitzen %10 inguru espezie honetakoak baitira, eta asko luzatu ohi dira. Horrekin batera, Gorka Alvarez Obra, Azpiegitura eta Mantenu arloko zinegotziak aditzera eman zuen, segurtasun arrazoiengatik kentzen dituzten arbolak ordezkatzen dituztela.
Tecnatura enpresarekin adostutako kontratuak, tamaina ezberdinetako 139 zuhaitz landatzeko aurreikuspena duten bitartean, hirigunean bertan 146 kentzeko kudeaketa gastuak aurreikusi dituzte 2026 honetan. Horietatik gehienak udaberriko kanpainan landatuko dituzte. Alvarezek azaldu duenez, «datozen egunetan 30 espezietako 115 zuhaitz landatuko ditugu hiriko auzo ezberdinetan banatuta, bereziki egoera kaskarrean edo osasun txarrean dauden zuhaitzak ordezkatzeko helburuarekin». Hala ere, hirian sortzen doazen espazio publiko berrietan ere zuhaitzak landatu ohi dituzte.
Gogoan hartu behar da, 2014an Irungo Udalak Zuhaitzak Kudeatzeko Plana egin zuen, «hiriko zuhaitzen egoera aztertu, ebaluatu, baloratzeko eta haien kudeaketa optimizatzeko». Eta 2017an hiriko zuhaitzak mantentzeko, zaintzeko eta hobetzeko kontratua abian jarri zuten. «Aurten, beharrak areagotu direnez, aurrekontua 550.000 eurotan handitu da», azpimarratu du zinegotzi jeltzaleak.
Espezieak aukeratzerako garaian hainbat irizpide kontuan hartzen dituztela nabarmendu du udal ordezkariak, betiere, egungo eta etorkizuneko klimara egokituko diren zuhaitzak landatuz. «Zuhaitzak ezinbestekoak direla gure hirian, oxigenoa sortu eta airea garbitzen dutelako, baina itzala sortzen dute ere, eta beroaldietan hirigunearen tenperatura apaltzen dutelako», azpimarratu du, zuhaitzak karbono dioxidoaren hustubide naturalak direla gogoratuz.
Baina herritarren aliatuak badira ere, garai batean ez bezala, gaur egun espezie aukeraketa tekniko zorrotza egiten dute. Alde horretatik, zuhaitzak helduaroan izango duten tamaina, edota haien sustrai motak ere kontuan hartzen dituzte, gerora, sor ditzaketen arazoak saihesteko.
Oraingoan landatuko dituzten 115 zuhaitz horiek oso sakabanatuak egongo dira hiriko txoko ezberdinetan. Hala ere, horietatik 29 Artian, 14 Dunboan, 10 Antzaran eta Pinudi auzoan eta 9 Arbesen landatuko dituzte. Gainerakoak, Alde Zaharrean, Katea, Santiago, Elitxu edota San Migel auzoetan, besteak beste.