Bingen Zupiria gonbidatu dute apirilaren 28an Irungo segurtasunaren erronkaz hitz egitera

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 23a

'Segurtasuna. Erronka bat gizarte gisa' hitzaldia antolatu du Palmera Monteron Foro Irun Hogeitabatek 'Agora' programaren barruan. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua gonbidatu dute, eta hiriko segurtasunaren egoeraz herritarren kezkak jasotzeaz gain, Ertzaintzaren eta Irungo Udaltzaingoaren arteko lankidetzari esker hobera egin duten delituen bilakaeraren datuak plazaratuko dituzte.

Foro Irun Hogeitabatek abian jarri duen 'Agora' hitzaldi programaren barruan, 'Segurtasuna. Erronka bat gizarte gisa' izenburupeko hitzaldia antolatu du Irunen, apirilaren 28an (19:00etan), Palmera Monteroko 2. aretoan. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua gonbidatu dute, eta Iñigo Berges Irungo Udaleko Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzarako ordezkariak ere parte hartuko du. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, «Irungo gizarteari herritarren artean kezka sortzen duen gai bat hurbiltzeko» helburuarekin antolatu dute hitzaldia. 

Ekitaldia nahi duen orori irekia izango da, eta elkarteak Irungo herritar guztiak gonbidatzen ditu topaketan parte hartzera eta herritarren segurtasunari eta bizikidetzari buruzko benetako datuak gertutik ezagutzera. Diotenez, azken urtebetean Ertzaintzaren eta Irungo Udaltzaingoaren arteko lankidetza indartu egin dutenetik, ekimenak emaitza onak ematen ari da lapurreta eta gaueko aisialdiaren arloan. Eta alde horretatik, delituen datuak ez ezik, Irunen ezarritako Segurtasun Plan Berezien berri ere emango dute bertan. Hala nola, iaz aurreneko aldiz San Pedro eta San Martzial jaietan eta Gabonetan martxan jarri dituzten dispositibo bereziena.

Hain justu, joan den otsailean, Bingen Zupiria Irunen egon zen indar polizial ezberdinekin eta Irungo Udal agintariekin lan bilera batean. Eta bertan jakinarazi zuten, iturri polizialen arabera, Irun EAEko hirugarren udalerria dela mila biztanleko delinkuentzia-tasari dagokionez, hau da, Bilbo eta Donostiaren atzetik delitu gehien biltzen dituen hiria. Aipatutako hobekuntzari dagokionez, 2025eko gabonetan %30 delitu gutxiago jaso zen Irunen 2024an baino. Aldiz, azken sanmartzialetan 19 eguneko dispositibo berezia ezarri zuten, eta %7 emendatu zen delituen kopurua, orotara 280 delitu erregistratu baitzituzten Ertzaintzak eta udaltzaingoak. 

Nolanahi ere, hitzaldia 'Agora' programa berriaren barruan kokatzen du elkarteak. Argitu dutenez, programa horren leloa 'Irunez hitz egin dezagun' da, eta Irungo herritarrei hainbat gizarte-eragile hurbiltzea du helburu, topaketa irekietan, entzuteko eta benetako elkarrizketarako espazioak eskaini asmoz. «'Agora' herritarren kezkak antzemateko, ikusarazteko eta horiei aurre egin ahal izateko jaio da», azpimarratu dute.