Delinkuentzia datuak aztertzeko eta segurtasunean lankidetza areagotzeko bilera egin dute Irunen

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 5a

Bidasoko segurtasun politikak otsailaren 18an aztergai jarriko dituen Basque Segurtasun Foroaren atarian, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza areagotzeko lan-bilera egin dute Irungo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. 2025ean Irun izan zen delinkuentzia tasarik handiena izan zuen EAEko hirugarren hiria. Lesioengatiko delituen eta sexu-erasoen beherakada eman den bitartean, agintariek kezka adierazi dute emandako hiru hilketekin, eta etxebizitzetako lapurretek gora egin dutelako.

Cristina Laborda Irungo alkatea eta Iñigo Berges Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako zinegotzia, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuarekin bildu dira hiriko segurtasun eta delinkuentziaren egoera aipatzeko. Udaltzaingoko eta Ertzaintzako ordezkari polizialekin batera, 2025eko datu estatistikoak aztertu dituzte. Eta etorkizuneko segurtasun politikak eta neurriak aipatu dituzte, iaz abiatutako lankidetzan sakontze aldera.

Iturri polizialen arabera, Irun EAEko hirugarren udalerria da mila biztanleko delinkuentzia-tasari dagokionez, hau da, Bilbo eta Donostiaren atzetik delitu gehien biltzen dituen hiria. Udalerrian emandako hiru hilketek eta etxebizitzetako zein espazio itxietako lapurretek gora egin izanak eragin negatiboa izan dute aurreko urtean. Era berean, iruzurren gorakada ere aipatu dute, bai aurrez aurrekoak, bai Interneten egindakoak. Aitzitik, lesioengatiko delituen, sexu-erasoen edo segurtasun kolektiboaren aurkako delituen beherakada nabarmendu beharra dago. Nolanahi ere, sailburuak eta alkateak bat egin dute zifra horiengatik duten kezkarekin.

Cristina Labordak zuzenean eskatu dio sailburuari, aurretik hainbatetan publikoki esan duen moduan, hiriko polizia kopurua handitu behar dela, batik bat Irungo errealitatea zeharo baldintzatzen duen "muga efektua" aintzat hartuta. "Mugaren bi aldeetan legedia ez da berbera, eta mugan egotea faktore erabakigarria da", adierazi du alkateak. Hiriaren kokapen estrategikoak beste hainbat faktore eragiten dituela gogoratu du ere. Hala nola: pertsona eta ibilgailuen eguneroko joan-etorriak, trafiko-operazio bereziak, nazioarteko garraioa eta merkataritzari edo turismoari lotutako mugikortasuna, baita delinkuentzia ibiltaria ere.

Bingen Zupiria sailburuak bere partetik, Polizia Nazionalak mugaren kontrolean gehiago inplikatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta Espainiako Gobernuak eta Justiziak konpromiso handiagoa hartu behar dutela delinkuentziak eragindako arazoei aurre egiteko beharrezkoak diren erreformei ekiteko.

Baliabide eta lankidetza gehiago

Alde horretatik, alkateak gogora ekarri du Irungo Udalak Udaltzaingoa indartzeko, datozen bi urteetan 15 agente gehiago kontratatuko dituela, eta "neurri horri esker, Udaltzaingoaren gaitasun operatiboa handituko da", bere ustez, "bide publikoan polizien presentzia areagotuko baita".

Bestalde, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzan egindako urratsak goraipatu dituzte. Balorazio baikorra egin dute sanmartzialetan eta gabonetako kanpainan abian jarritako plan bereziak (delituak %30 apaldu ziren 2024, urteko gabonekin alderatuz), baita joan den maiatzean Gaueko Aisialdiko Segurtasun Planak ere "oso emaitza positiboak izan baitituzte". Hala ere, sanmartzialetan segurtasun dispositiboa indartuta ere, delitu penalek %7 egin zuten gora jaietan. Zehazki, 280 delitu erregistratu zituzten Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ekainean koordinatutako Jaietako Segurtasun Dispositiboa martxan izandako 19 egunetan.

Horiek hala, gaurko bileran, poliziaren lankidetza indartzearen garrantzia azpimarratu dute. Eta irudiak, datu pertsonalak eta hatz-markak jasota atxilotuak identifikatzeko aukera ematen duen Morphobis sistema berriaren bidez, Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak informazioa partekatzeko aukera emango diela argitu dute.

Gainera, udaltzainek Ertzaintzaren fitxategietara sartzeko aukera izango dute bide publikoan egiten dituzten esku-hartzeetan, tableta elektronikoak txertatuta dakarren hatz-marken irakurgailuaren bidez. Hirian abian jarriko den berritasun teknologiko horrek poliziaren eraginkortasuna eta herritarren segurtasun hobetzen lagunduko duela azaldu dute agintariek.

Basque Segurtasun Foroa Irunen

Bestalde, bileran iragarri dutenez, otsailaren 18an Irunen egingo da Bidasoaldeko Basque Segurtasun Foroa, erakundeen arteko topaketa eta segurtasun politiketan koordinaziorako espazioa izango da.

Bertan larrialdien kudeaketa, klima- aldaketaren eragina, herritarren segurtasuna, ziberdelinkuentzia, emakumeen kontrako indarkeria edo droga-trafikoa eta kontsumoa bezalako gaiak landuko dituzte. Eta Ertzaintza, Irungo eta Hondarribiko Udaltzaingoak eta arlo judizialeko, gizarte ekintzarako eta hezkuntzako profesionalak ere han izango dira. Hortaz gain, auzo elkarteetako zein eragile ekonomiko, soziokultural eta kirol elkarteetako ordezkariek ere parte hartuko dute.