Irungo Emakumeen Etxean maiatzean abian jarriko duten Kantu Tailer Feministaren eramaileak aditzera eman duenez, kantu tailerra bada ere, abestea tailerraren helburua lortzeko tresna bat besterik ez da. «Ez dugu ondo abestu nahi, eta ez da beharrezkoa», argitu du Ana San Jose Amianok, «abesteko mementoan ere emakumeek asko epaitzen dute haien burua, ez dut oraindik inor topatu ondo abesten duela esaten duenik, baina gu gozatzera gatoz, eta emakumeen arteko sareak sortzera», nabamentzen du.
Alde horretatik, musika eta oro har abesteak ongi egiten digula probatuta dagoela azpimarratzen du Ana San Jose Amianok. Irunen ez ezik, Orereta, Zarautz edota Durangoko Emakumeen Etxeetan ere kantu tailer feminista proposatzen du duela hainbat urte, eta emakumeak ahalduntzeko tresna baliagarria dela frogatu du. «Terapeutikoa da, eta beste emakumeen sororitatean elkartzen bazara are gehiago», dio koru edo abesbatza bat sortzeko asmorik ez duela argi utzita. Izan ere, taldea osatzeko gutxienez 12 emakume behar dira, eta gehienez ere 25 lagun onartuko dituzte tailerrean, baina helburua ez da kontzertuak ematea.
Hala ere, ahal den neurrian Irungo gizartean parte hartzea ere badute helburuen artean. Azken urteetan azaroaren 25ean edota Nagore Laffagen omenaldian abestu izan dute. «Abesti feministekin kaleak hartzen ditugunean partaide askorentzat hurrengo urratsa egitea suposatzen du», kontatu digu Ana San Josek. Emakumeen Etxera hurbiltzen diren emakume askoren egoera ez baita erraza, eta «tailerra emakume hauentzat arnasgunea izateaz gain, kaleak hartzea eta jendaurrean abestea ahalduntzea ekartzen die».
Hortaz, lotsa galtzea eta berdinen artean kantuz saretzeko gonbidapena luzatzen du Irungo Emakumeen Etxeak. Gainera, hausnarketarako aukera eskaintzen duen tailerra da. Eta horretarako abesti oso ezberdinak lantzen dituztela dio Ana San Juanek, baina beti dagoela arrazoi bat. «Musikari eta letrari ere erreparatzen diogu, hausnarketak egiten ditugu, ikusten ditugu zer nolako ideiak islatzen dituzten, eta zer nolako emakumeak ikusten ditugu hor», azaltzen du.
Izena emateko azken egunak
Kantu tailerraren saioak gaztelaniaz (asteazkenetan) eta euskaraz (ostiraletan) egingo dituzte Emakumeen Etxean bertan 18:30etik 20:30era. Izena emateko epea apirilaren 30ean itxiko dute, eta interesa dutenek udalaren webgunearen bidez edo Emakumeen Etxean (Istillaga plazan) bertan inskribatu ahal izango dute dohainik. Udalak argitu duenez, eskaerak gehieneko 25 plazak gaindituz gero, maiatzaren 4an zozketa publikoa egingo lukete goizeko 10:00etan.