Irungo Sagardo Egunaren biharamunean, maiatzaren 10ean Sagarrek sagar ekoizpen ekologikoa egiten duen proiektuak, bere hirugarren Sagarfest ekimena antolatu du. Berez, aurrenekoa izango da kultur topaketa gisa proposatzen duena. Aurreko biak proiektuaren sagarrondo gehienak biltzen dituzten Olaberria eta Meakako bi sagasti nagusien inaugurazio festa gisa antolatu baitzituen Oihana Rekalde irundar gazteak. Aurtengo Sagarfesta, iaz, bezala, Meaka auzoko Borda Txiki tabernatik gora, atzealdean dauden lurretan dituen sagastietan ospatuko du.
Ausardia behar da gaur egun nekazaritza proiektu berri batean instalatzeko. Baina Sagarrek proiektuarekin buru-belarri dabil Oihana Rekalde gazte irundarra. 19 urte zituela, sagardorako sagar ekologikoak ekoizteko asmotan hasi zen sagarrondoak landatzen. Eta zuhaitzak heldutu orduko hamarkada pasako bada ere, proiektua garatzen doa pixkanaka. Gaur egun zortzi hektareatan banatutako 4.000 sagarrondo inguru zaintzen ditu, eta ez urtea denean 1.000 kilo inguru sagar besterik ez ditu biltzen, normalean hektarea bakoitzean uzta urte on batean 20.000 kiloko ekoizpena jaso ohi denean.
Lehen urratsa Olaberria auzoan eman zuen. 1.484. urtean sagastiak ziren lurrak euskal sagar ekologikoa ekoizteko berreskuratu zituen Aranburu baserri aldameneko lurretan. Eta iaz Meakan beste bi hektarea inauguratu zituen, sagarrondoen landaketa 2023an egin bazuen ere. «Gazteak dira formazio prozesuan daude eta ez nago oraindik ekoizpenean pentsatzen, proiektua garatzen baizik», dio laborari gazteak. Irungo nekazal lurrak gorde eta babesteko beharraz jabetuta dago, eta belaunaldi berriei ere bere kezka helarazi nahian dabil.
Lehen sektorea balioan jartzeko beharra
Aitortu digunez, Irungo zenbait ikastetxeei bere sagastietara bisitak proposatu dizkie horretarako, eta uda honetan Solas Jolas udaleku irekietako haurrek ere sagarraren prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera eman nahi die. «Garrantzitsua da ikasi eta ikusi dezaten, zuhaitza nola garatzen den, lorea nola ernaltzen den, eta erleen polinizazioaren garrantzia, prozesu natural osoa», dio.
Maiatzaren 10ean Sagarfestara hurbilduko diren haur eta familiek hortaz jabetzeko aukera izango dute. Izan ere, azken bi urteetan sagastien inaugurazio gisa ospatu zituen Sagarfestak, Olaberrian bat, eta Meakako lurretan bigarrena. Aurten ez zuen halakorik antolatzeko asmorik. Baina aitortu digunez, Irungo elkarte, artisau eta artistekin batera animatu da irauteko asmoa duen berezko Sagarfest lehen edizioa antolatzera. «Jende askok galdetu dit ea antolatuko genuen berriz, eta bertako elkarte eta artistekin programa antolatu dugu», azaldu digu, Meakan dauzkan 1.400 bat zuhaitzen inguruan «protagonista nagusia lorea izango bada ere, sagarrondoek oso ederrak ematen dituelako eta garaia dugu hortaz gozatzeko».
Sagarfesta goizeko 10:00etatik aurrera ospatuko dute Meakan, eta Recicla-Birziklatu elkarteak antolatutako naturaren aldeko garbiketa auzolanean egitea proposatzen dute hasteko. Ondoren, haurrentzako tailerrak, Taupa elkartearen bizimodu jasangarriari buruzko tailer sortzaileak, eta bizimodu berdea sustatu nahi duten ekimen ezberdinak izango dira, besteak beste, Unibertso Kreatibo kultur elkarteak edota Itxaso Treceñoren eskutik. Musika zuzenean, hitzaldiak eta piknikak osatuko dute programazioa. Eta esan gabe doa, sagardoa edo zukuak (muztioa) dastatzeko aukera ere emango dutela pintxoekin batera.
Festarako sarrerak aldez aurretik erreserbatu behar dira Sagarrek proiektuaren atarian.
Sagar ekologikoen aldeko apustua
Belarra luze utzi ohi du sagastietan. Baina festarako zelai eremua atonduko du maiatzaren 10erako. Udaberri bete-betean gauden honetan, belar kolpearekin batera, zelaia loratu egin da ere. Eta Oihana Rekaldek azaltzen duenez, «urteotan oraindik ez dut produkturik erabili, eta izurriterik ez da eman, sagarrondoren batean edo bestean normalak diren xomorroak agertzeaz gain». Belarra luze uzteak bere abantailak dituela kontatu digu. «Loreek erleak erakartzen dituzte, eta hauek polinizatzen dituzte sagarrondoak, baina lurrak euria hobeto xurgatzen du horrela, eta bero egunetan belarrak hezetasuna gordetzen du», argitzen du.
Ekologikoan ari da, baina teknika berritzaileak erabiltzen ditu hala ere. Mahastien antzera landatuak baititu zuhaitzak lerrokatuta. «Espaldera edo klonal moduan landatzen ditugu, zuhaitza estruktura bati lotuta dago, eta mahastiekin egiten den moduan alanbreekin nahi dugun forma hartzen doa, horrek sagastian lanak mekanizableak izatea ahalbidetzen du», azaldu digu.
Sor-markako euskal sagarrak dira denak, eta guztira 20 bat sagar espezie lantzen ditu. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Otalarrea Finkan martxan jarri duten 14 sagarrondo barietate txertatuekin probak egin ditu. Eta Sagarrek proiektuan Fruitel elkarteko teknikari den Aitor Etxeandia du bidelagun Oihana Rekaldek. Ehunka edo milaka urte dituzten gure sagar motak, oso berria den Geneva espezieko txertaka baten gainean frogak egiten ari baitira. Kontutan hartu behar da, 106 sagar mota dituela onartuak Euskal Sagardoak bertako gisa, eta horietatik 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta garratzak.
Argitu digunez, «phytorphthora gaixotasunari erresistentzia hobetzen duen txertaka da hau, baita beste izurrite batzuei tolerantzia handitu, eta ekoizpena hobetu dezake sustraietan ere». Hortaz, batetik tradizioa eta kultura, eta bestetik gaur egungo joerak, denak uztartzen ditu kalitatezko sagarra eta sagardoa lortzeko. Izan ere, Sagarrek proiektuaren ekoizpen osoa auzokide duen Ola sagardotegia hornitzeko bideratzen du, sagardotarako.