Ione F. Zabaleta: «Erakutsi diezaiogun Irungo Udalari eta Irungo Emakumeen Etxeari euskaraz tailerrak betetzen direla»

Lizar Elexpuru 2026ko apirilaren 30a

Ara!Gorputzek hainbat tailer antolatu ditu maiatzean. Haur, nerabe eta gazteei bideratutako tailerra maiatzaren 8an eta 22an eskainiko dute, arratsaldeko 17:00etan Irungo Emakumeen Etxean. Bestalde, helduei bideratuta, osasun hormonala lantzeko tailerrean parte hartzeko deialdia luzatu dute maiatzaren 27rako. Tailerra euskaraz eskainiko da. Euskarazko tailerretako parte-hartzea betetzea zaila dela dio Ionek, horregatik, gonbita bereziki hilerokoan interesatuak dauden euskaldunei bideratu die. Izen ematea info@aragorputz.eus-en egin daiteke.

Maiatzearen 27an osasun hormonala hizpide

Maiatzaren 27an, asteazkenean, arratsaldeko 16:30ean hasiko da tailerra Irungo Emakumeen Etxean. Hiru orduz hilerokoaren zikloaren baitan ditugun hormonez arituko dira. Obulazioaren zikloan hormonak ezinbestekoak dira. Zelula guztiak biltzen ditu zikloak. Egunero, segunduro, eragiten gaitu. Osasun hormonala zikloaren erdigunean dago Ioneren ustetan. «Hormonak direlako zikloaren dantza guzti hau bideratzen dutenak».

Hiru bloke

Hiru bloketan banatuko da tailerra. Hasteko, norbanakoan jarriko da arreta; norberaren zikloaren errealitatera hurbildu ahal izanen gara. Ondotik kolektiboa aztertu ahal izanen dugu. Ara!Gorputzeko kideen erranetan hilerokoak denoi eragiten gaitu. Denon ardura da hileroko duinak bizitzea, guztiok harremana daukagulako obulatzen ari den norbaitekin, aurrehileroko fasean dagoen norbaitekin, haurdun gelditu nahi duen norbaitekin…

Ionek dio helduok asko sufritzen dugula tabu menstruala. Hainbat indarkeria eta min ditugu normalizatuta. Feminismoaren garapenarekin ikusi ahal izan dugu hainbat biolentzia ez direla bidezkoak: medikalizatua egotea menarkiatik menopausiara, izugarrizko minak jasatea, endometriosia eta honen diagnostiko berantiarra… 

Kultura ziklikoa, mundu ikuskera berri bat

Hilerokoaren bitartez mundu ikuskera berri bat planteatzen du Ara!Gorputzek. Kultura ziklikoak bat egiten du naturarekin, gu geu natura baikara. Gorputz oso baten parte gara. 

Bi erronka nagusi

Bi erronka nagusi dituzte orain Ione Fernandez eta Enara Iruretagoienak. Helduekin lan egitea eta euskaraz lan egitea. Ara!Gorputzek euskaraz egiten du lan. Irunen euskaraz egin ahal izatea garrantzitsua da beraientzat. Askotan gaztelaniazko tailerrak soilik eskatu dizkiete, baina Ara!Gorputzek euskarari eman nahi dio lehentasuna. Bai tailerretan, baita proposatzen duten mundu ikuskera ziklikoan ere. 

Maiatzaren 8an eta 22an menarkiari buruzko tailerrak

Gaztetxoenen lehen hilerokoak bideratzeko tailerra izanen da ostiralekoa. Menarkia lehen hilerokoa da. Informazio gutxi dago menarkiaren inguruan. Neska eta mutiko gaztetxoak galduta sentitzen dira honen aurrean. Horrek burlak, urduritasunak eta deserosotasunak sortu ditzake. Duintasun menstruala lortzeko bidean, ezinbestekoa da informazio fidagarriarekin topo egitea. Horregatik Ara!Gorputzetik bi tailer prestatu dituzte menarkia lasai bizitzen laguntzeko. 8 eta 14 urte bitartekoei bideratuta egonen da.