Iazko kontuen soberakinetatik 6,2 milioiko inbertsioak gehituko ditu Irungo Udalak aurten

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 12a

2025eko kontuen likidazioak emandako 9.747.625€ko soberakinaren 6.225.950€ inbertsioetara bideratzea erabaki du udal gobernuak. «Gerta daitezkeen ezbeharrei aurre egiteko» 3,2 milioi erreserbatu dituzte. Cristina Laborda alkatearen esanetan, «auzo elkarteek eta kolektibo ezberdinen eskaerei erantzunez, inbertsio estrategikoak eta eguneroko beharrak asetzekoak uztartu» dituzte; irisgarritasuna, ekipamendu sozialak eta kirol azpiegiturak hobetzeko inbertsioak, segurtasuna, eta ikasleen zein adinekoen ongizatea helburu duten programak indartuko dituzte.

Irungo Udala kredituak aldatzeko aurtengo proposamena aurkeztu du. Oraindik ere oposizioko udal taldeen ekarpenak aintzat har ditzakete, baina maiatzeko udal osoko bilkuran 2026ko Udal Aurrekontua 5 milioi euro inguru handitzeko aldaketa izango du. Eta diru kopuru horri, 2027 urteko ekitaldirako 1,1 milioi euro gehitu behar zaizkio (6.225.950€ guztira). Nuria Alzaga, Ogasuneko ordezkariak aditzera eman duenez, udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua da. «Azken urteetan kudeaketa arduratsua egin du udalak, eta zuhurtziaz jokatu izanari esker inbertsio gehigarriak egiteko aukera dugu orain», azpimarratu du.
 
Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakunde publikoetako aurrekontuen kudeaketa legedi berriaren ondorioz, aurrekontu soberakinak zorrak kitatzera behartzen duela gogoratu du, «maileguak amortizatuz». Baina Irungo Udalak aparteko zorrik ez duenez, inbertsioak egiteko gaitasuna izango du aurten. Hala ere, arduraz jokatzen jarraitzen dutela argitu du. Kreditu aldaketan 6,2 milioi euro inbertsioetara bideratzea erabaki duten bitartean, 2025eko kontuen likidazioak 9.747.625 euroko soberakina eman duelako, eta kopuru horretatik «gerta daitezkeen ezbehar edo gastu gehigarriei aurre egin ahal izateko» 3,2 milioi erreserbatu ditu PSE-EAJ udal gobernu koalizioak.
 
Udalaren inbertsio mugak eta epeak
 
Alde horretatik, kreditu aldaketarako proposatzen dituzten inbertsioak auzo elkarte, kirol eta kultur elkarteek eta hiriko kolektiboek egindako eskaerei erantzuten dietela nabarmendu du Cristina Laborda alkateak. Bereziki udal ekipamendu sozialak eta kirol azpiegiturak hobetzeko inbertsioak dira kopuruetan garrantzitsuenak. Eta segurtasuna, eta ikasleen zein adinekoen ongizatea helburu duten programak eta zerbitzuak indartuko dituzte. «Inbertsio estrategikoak eta eguneroko beharrak asetzeko inbertsioak uztartzen ditu, irundarren bizitza hobetzeko», azpimarratu du alkateak.
 
Gorka Álvarez EAJko bozeramaile eta bigarren alkateordeak ere, kreditu aldaketaren «izaera soziala» nabarmendu du. «Hiria gauza txikietatik eraikitzen da, herritarrak kezkatzen dituzten gauzetatik, eta, haien parte-hartzeari esker, pertsonen egunerokotasuna hobetzen duten gaiak identifikatzen ditugu, guztion artean eraikitako Irun bat lortzeko», esan du ordezkari jeltzaleak. Era berean, Irun euskaldun baten alde egiten dutela dio, eta maiatzeko udal osoko bilkuran AROA plana onartuko dutela iragarri du, eta udal aurrekontuak bertan aurreikusten dituzten hainbat ekintza barneratzen ditu.
 
Udal agintariek azpimarratutako kontuen izaera kontuan hartuta, kreditu aldaketa honetan integratutako esku-hartze askok auzo elkarteekin, erakundeekin eta hiritarrekin hartutako konpromisoei erantzuten dietela argitu dute. Eta proiektu handiz gain, eguneroko gauza txiki asko jasotzen ditu. Hala nola, asfaltatze lanak, argiztapena, edukiontziak jartzea, komunak instalatzea, pertsianak jartzea, mantentze-lanak egitea eta bizikletentzako aparkalekuak instalatzea eta abar. Nuria Alzagak gogoratu duenez, azken urteetan udal zerbitzu ugari martxan jarri dituzte Irunen, eta «horrek mantenu gastu handia dakar, eta ez du denetarako ematen».
 
Alde horretatik, «irundarrek pentsa dezakete ez direla gauzak egiten edo udalak ez dituela eskaerak berehala erantzuten», dio Alzagak, administrazio publikoaren erritmoak motelak direla gogoratuz, «baina dagoen aurrekontuarekin lehentasunak markatu behar dira, hala ere, gauza bat da proiektua onartzea eta diruztatzea, eta beste bat herritarrek euren begiekin gauzatua ikusi arte epeak luzeak izan ohi direla». 
 
Inbertsio ugari eta anitzak
 
Kreditu-aldaketaren partidarik handienetarikoa herritarren irisgarritasun eta oinezko mugikortasunari lotutakoak da. Landetxa auzoko Errotazar kaleko igogailuaren instalaziorako 50.000 euro aurreikusten dituzte, eta zenbateko horri, datorren urteko 550.000 euro gehitu behar zaizkio. Cristina Labordak argitu duenez, auzokideek eskatu zuten azpiegitura hori instalatzea, "Alkatea auzoetan" ekimenaren saioan.
 
Era berean, hiria irisgarriagoa izan dadin, Artian igogailu berri bat jartzeko proiektuarekin hastea ere aurreikusten dute, Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos kalea lotzeko. Hau ere, auzo elkartearen eskaerari erantzuten dio. Halaber, udalak hainbat alternatiba aztertuko ditu Larreaundi auzoan, Karmengo etxebizitzak eta Euskal Herria etorbidea instalazio mekaniko batekin lotzeko. Hala ere, oraindik ez dute igogailu bat ala eskailera mekanikoak izango ote diren erabaki. 
 
Auzo elkarteen eskaera zerrendan ere, parkeetan eta Belaskoenean  , edota Arbesen adineko erresidentzia berriaren atzealdean aparkaleku disuasorio baten beharra aztertzeko aurrekontua bideratuko dute.  
 
Udal ekipamenduen inbertsioetan, aldiz, Udal Kontserbatorioan (538.000€), Azken Portu kiroldegian (200.000€ hoditeria-sistema berritzeko) eta Artalekun (aldagelak, zenbait egitura, igerilekura irisgarritasuna...) hobekuntzak aurreikusten dituzte. Landetxako Ugaldetxoko kirolgunean aldagela eraikin prefabrikatu berri batentzat 600.000€ko aurrekontua sartu dute, eta Stadium Galeko egitura sendotzeko lanak ez ezik, zelaia berritzeko lanak ere aurreikusten dituzte. Alde horretatik, zuzendaritza berriarekin kluba eta udalaren arteko hitzarmena eguneratzeko beharra dagoela gogoratu du Cristina Labordak, izan ere, azken hitzarmena pandemia aurrekoa da, Unai Emeryk klubaren jabetza hartu aurrekoa.
 
Bestalde, Segurtasuna indartzeko beharra dago alkatearen arabera. Udaltzaingoari baliabide tekniko eta material gehiago emateko, eta hiriko hainbat puntutan argiztapena hobetzea (75.000 euro), hiriko puntu beltzak desagerrarazteko helburuarekin. Zehazki, Junkal kaleko tunelaren argiztapena berritzeko inbertsioa nabarmendu dute. Era berean, 80.000 euro bideratuko dituzte udal-merkatua eraberritzeko, eta 110.000 euroko zuzkidura Ama Birjina Mirarietakoa kapera konpontzeko.
 
Arlo sozialean, hiriko adineko kolektiboen eskatutako inbertsioak egingo dituzte (73.000 euro) Luis Mariano eta Irasoko gizarte-zentroetan,  Lekaenea eraikinean, auzo elkarteetako lokaletan edota Palmera Monteroko zentro sozialean. Gainera, partida berri bat ere aurreikusi dute, urtean zehar beren adinekoentzat jarduera gehiago antolatzeko. 
 
Gazteekin ere pentsatu dute, hala nola, Irungo ikastetxeetan osasun mentalerako hasitako programaren jarraipena bermatzeko. Eta hiriko LGTBIAQ+ kolektiboaren errealitateari buruzko diagnostiko bat egitea, ludopatia arriskuen prebentziorako programa, edota bularreko minbizia gainditu duten emakumeentzat Santiagotarrak arraun elkarteak erabiliko duen Dragon Boat ontzian erosteko partida sartu dute kreditu aldaketan. Bestalde, Zubia gizarteratze zentroaren egoitza lekuz aldatzeko azterketa egiteko 85.000 euro zuzenduko dute. Kasu honetan, oraindik ere kokapen berria ez du udalak iragarri nahi izan.