Irunera iritsi berri diren migratzaileen integrazio prozesua laguntzeko helburu duen "Ikusmira" ekimena abian da. Udaleko Gizarte Ongizate arloak hamaikagarren urtez antolatzen, eta aurreko urtean (2025ean) Irunen erroldatutako atzerritarrek, Irungo eguneroko bizitzan moldatzeko beharrezkoa duten oinarrizko informazioa jaso dezaten bilatzen du. Ekimen honetan, bisita gidatuak, informazio saioak eta talde topaketak eskaintzen dizkiete, astean behin, hirian kokatu eta instalatzeaz gain, komunitatean integratzeko oinarrizko gida eskura jarri nahian.
Astelehenean, maiatzak 11, proiektuko parte hartzaileak Gizarte Ongizateko ordezkari Josu Iguiñizekin bildu dira udal areto nagusian. Ordezkariak gogoratu duenez, «iritsi berri direnek zailtasunak izaten dituzte lehenengo hilabeteetan». Hortaz, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak, prestakuntza jasotzeko edota lan bilaketarako baliabideei buruzko informazioa eskaintzen zaie. «Askotan ez dute hizkuntza ondo menperatzen, eta inguruko sare sozial baten babesik gabe, ziurgabetasun handia jasatzen dute», dio zinegotzi jeltzaleak.
Alde horretatik, "Ikusmira" ekimenak komunitateak integratzeko oztopoak gainditu eta laguntza eskura jartzen die, hirian bizitzeko oinarrizko orientabide praktikoa emanez, zerbitzu publikoak, kulturguneak eta prestakuntza jasotzeko baliabideak zeintzuk diren informatuz. Era berean, intereseko hainbat bisita egingo dituzte taldean. Udaletxeko areto nagusia eta CBA udal liburutegia, (HAZ-SAC) Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, Bidasoa Bizirik erakundeko (Ducerau bulegoa), Oiasso Museoa, Ama Xantalen eta Plaiaundiko parke ekologikoa.
Irungo Udalak argitu duenez, "Ikusmira" proiektuan bi talde osatuko dituzte, goiz eta arratsaldeko ordutegietan parte-hartzea errazteko. Asteazkenetan, 11:00etik 13:00era, eta ostegunetan, 17:00etik 19:00era. Parte-hartzaileek hiru bitartekariren laguntza izango dute beste hizkuntza batzuk erabiltzeko aukera emateko. Zehaztu dutenez, arabiera eta errumaniera bermatuko dute jarduera honetan.
Izena emateko epea itxita egon arren, interesa duten iritsi berri diren herritarrak onartuko dituzte oraindik ere. Horretarako, 943505635 eta 638901245 zenbakietara deitu behar da.