Urtebete eskas falta da udal hauteskundeetarako, eta Hondarribian EAJ-PNV izan zen hautagaien zerrenda iragartzen goiztiarrena. Irunen, aldiz, IZAIA (Irungo Zerrenda Aurretik Irun Aurrera) taldea izan da irundarren aurrera ateratzen lehenengoa. Aste honetan jakinarazi dutenez, 2027ko udal hauteskundeetan Josema Campo Requejo abokatu irundarra alkategai aurkeztu dute bigarrenez.
IZAIA 2023ko hauteskundeetan aurkeztu zen lehenengo aldiz, eta ez zuen Irungo udalbatzan ordezkaritzarik lortu. Hala ere, bi zinegotzi eskuratu zituen PP alderdiaren atzetik (2.144 eta %8,49) geratu zen, 1.227 boto jaso baitzituen, ororen %4,86. Udal korporazioan ordezkaritzarik eskuratu ez zuen lehen aukera politikoa izan zen IZAIA, 1.028 bozka lortu zituen VOX alderdiaren aurretik.
Josema Campo Requejok aditzera eman duenez, bere aukera politikoa «inoiz baino beharrezkoa da». Irundarren interesak defendatzeko prest dagoela azpimarratu du, «askatasunez eta irundarron eskubideak kaltetzen dituen alderdiengandik baldintzatuta egon gabe». Izan ere, bere talde politikoa ohiko alderdi politikoei aurre egiteko helburuarekin sortu zela gogoratu du.
Alde horretatik, PSE-EAJ udal gobernuak IAM, Via Irun eta proiektu entzutetsuekin «galeriari begira gobernatzen» dutela salatzen du, eta horren aurrean Izaia irundarren benetako interesak defendatzeko sortu zela nabarmentzen du. «Garrantzitsuena da Izaia etorkizuna duen alderdia dela, jende gaztea batu da aurreko hauteskundeetatik hona, eta alderdien interesen aurretik Irungo interesak defendatuko dituen indar politiko bat behar da», bere ustez.
Irudia: Bidasoko HITZA