Gertakari historikoak ikasgelatik kanpo deskubritzeko ihes-jokoa berreskuratu dute Irunen

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 26a

2022tik DBHko ikasleei zuzendutako 'Scape Street' ihes-jokoa berreskuratu du Irungo Udalak memoria historikoa modu praktikoan lantzeko. Atzo San Vicente de Paul ikastetxeko bi ikasle taldek Zentro errepublikano ohia (Juan de la Cruz kalean), Irungo Casino eraikina, Irungo udaletxea, Olaberriko kanala, Maritxu Anatol kalea, Stadium Gal eta aurten memoria leku izendatu berri duten Avenida Zubia bisitatu zituzten. EuSkape enpresak garatutako pista-jokoaren bitartez, 1936 eta 1945 urteetan Irunen gertaturikoak deskubritu ahal izan dute.

2022ko martxoan hasi ziren Irunen Scape Street edo ihes-jokoen dinamikarekin ikasleekin memoria historikoa lantzen. Orduko Irungo Memoria Historikoko Bulegoaren ekimenez, EuSkape enpresak garatutako 'Scape Street' bati esker, Irungo Txingudi Ikastola eta Eguzkitza ikastetxeko BHI bigarren hezkuntzako 4. DBHko 181 ikasle Irungo historian murgiltzeko aukera izan zuten udaberria hartan. Zehazki, ikasgelan eta liburuetan ikasitako teoriaz harago joan, eta 1936tik 1945era bitartean Irun hirian gertaturikoak bertatik-bertara ezagutzeko aukera eskaintzen duen ihes-jokoa garatu baitu enpresa honek. 

Irungo Udalak enkargatutako Scape Street pista-joko baten bitartez, hirian zehar ibilbidea egiten dute taldeka. Eta pedagogia berritzaile honi esker deskubritu ahal izan dute Irungo ikasleek azken urteetan, Stadium Gal kontzentrazio edo banaketa esparru gisa baliatu izan zela, Dunboako kanala frankismoaren garaian lan bortxatuekin eraiki zutela edota Maritxu Anatol espioia nor zen. 

Urteotan zehar, aparteko ihes-joko gehiago antolatu izan dituzte, Batxilergoko Pio Baroja Institutuko ikasleentzat egokituta ere, Bigarren Mundu gerran nazien akatze-esparruetan bukatu zuten 27 irundarrek bizitu izan zituztenak ezagutzeko adibidez.

Ildo beretik, ikasturte bukaera honetan, Irungo Udalak antolatutako ekintza hau hiriko zazpi lekutan egin berri dute aste honetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleen eskutik. Atzo, San Vicente de Paul ikastetxeko DBHko 4. mailako bi klasek egin dute ihes-jokoa. Irungo Udaleko Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Garapenerako Lankidetzaren arloak antolatu du ekintza. Eta 2022tik 2024ra egindako jarduera berreskuratu egin dute horrela, 2025ean ez baitzen egin.

‘Escape Street’ hau bi taldetan egin dute San Vicente de Paul ikastetxeko ikasleek. Lehenengoa 8:30ean hasi da eta bigarrena, 11:30ean. Jarduerak bi ordu iraun du eta hainbat proba egin dira hirian zehar. Oraingo honetan, ikasleek Irungo zazpi kokaleku bisitatu dituzte: Zentro errepublikano ohia (Juan de la Cruz kalean), Irungo Casino eraikina, Irungo udaletxea, Olaberriko kanala, Maritxu Anatol kalea, Stadium Gal eta aurten memoria leku izendatu berri duten Avenida Zubia.

Gorka Alvarez Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Garapenerako Lankidetzaren ordezkariak azaldu duenez, «ikasleek Irungo historia landu dute, erantzunak elkarrekin bilatu dituzte arazoak ebatziz, elkarrekin komunikatuz, eta sormena eta adimena erabiliz, ezinbestekoa da belaunaldi berriek jakin dezaten gure hirian zer gertatu zen».