Unai Amiano gazteak garaipenaren zaporea ezaguna du. Iaz profesionaletara jauzia egin atariko urtean jokatutako txapelketa gehienak irabazi zituen. 2025ean Biharko Izarrak txapelketan gailendu zen irundarra, baita Espainiako Txapelketan, Errege Kopan eta Lezamako Torneoan ere. Eta joan den abuztuaren 28an, Zumaiako Dinastia Etxabe txapelketan irabazi eta gero egin zuen debuta profesionaletan. Baita etxean debutatu ere, Uranzu frontoian.
Bere ezker kolpea azkar egin da ezaguna profesionaletan ere. Joan den irailaren 19an Uranzu frontoian B Serietan debuta egin, eta Baiko enpresaren eskutik profesional bilakatu eta zortzi hilabetera, bi final jokatzeko aukera izan du Amianok dagoeneko. Azaroaren 8an 4 ½ B Seriearen finala etxean jokatuko eta galdu zuen, baina bigarrenean ailegatu zaio bere ibilbide profesionaleko lehen txapela. Oraingoan buruz burukoan. Eta final bat irabazten duen lehen pilotari profesional irundarra izan den heinean, Irungo Udalak harrera egin dio gaur eguerdian.
Irundarrak 22-7ko markagailuarekin garaitu zuen Ander Murua pasa den larunbatean Labriten. Ez zuen nolanahiko moduan irabazi gainera, 37 minututan lortu baitzuen Murua gainditzea, 207 pilotakada izan zituen partidan, 17 tanto egin zituen Amianok eta 5 galdu.