Joan den martxoaren 31n Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak Irungo Udalari dei publiko bat egin zion, Iparralde etorbideko terrorismoaren biktimen oroigarrian bizi den injustizia dela eta. Duela 50 urte, 1976ko irailaren 8an Guardia Guardia Zibilak hildako Josu Zabala Erasunen izena ez baita ageri memorialean, bai aldiz Meliton Manzanas torturatzaile ezagunarena. Hain justu, Meliton Manzanas Gonzalezek, Josu Zabala Erasunen aita bera torturatu eta pistola bat buruan jarrita mehatxatu zuen. Baina torturatzailea da omendu bakarra, Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialaren buru izan zenak ETAk hil zuelako.
Hari beretik, Egiari Zor fundazioak aurkeztutako mozioa aztertuko dute maiatzaren 29ko Irungo udal osoko bilkuran. Meliton Manzanas torturatzaileari dominak eta ohoreak kentzea eskatuko dute. Ugariak izan baitira diktadurak Gipuzkoako errepresioa zuzentzen zuenari aitortutakoak. Gobernu frankistaren esker ona ezagutzen zuen Manzanasek bizirik zegoela, 1964an emandako Polizia Merezimenduaren Gurutzea diktadurak emana zion, eta 50 bat ohore eta merezimendu bildu ditu guztira, baita hil ondorengoan ere, demokrazia garaian. ETAren biktima bati Espainiako Gobernuak eman zion lehenengo Merezimendu Zibilaren Urrezko Domina Jose Maria Aznar presidentea burua zuen PPren gobernuak torturatzaileari aitortu baitzion 2002an.
Tortura sistematikoa, inpunitate osoa
Baina Meliton Manzanasen jarduna, odolzalea edo sarraskitzailea izanagatik ere, haren biktimek utzitako testigantzek ez ezik, txosten judizialek ere dokumentatzen dute. Egiari Zor fundazioak argudiatu duenez, hiru hamarkada luzez tortura sistematikoak, legez kanpoko atxiloketak eta eskubide urraketa larriak egin zituen askatasun demokratikoen alde, sindikalisten eta erregimenari aurre egin ziotenen aurka.
Inolako zigorrik jaso gabe jardun zezakeela jakitun zen torturatzailea. Eta horrela aritu zen urte luzetan 1958an Donostiako Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialaren buru sartu zenetik, baita aurretik ere. Baina 1968ko abuztuaren 2an, frankismo betean, Irungo Zipriano Larrañaga kaleko bere etxeko atarian tiroz hil zuten bi ETA kidek. Meliton Manzanasek egunero egin ohi zuen bezala, etxean bazkaltzeko Donostiara trenez joan-etorria egiteko asmoa zuen egun hartan. Goiz berean, Donostiako Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialaren egoitzan torturatzen ibili ondoren, bazkalondoan itzultzeko mehatxua bota zion Jose Luis Segurolari, Meliton Manzanasek torturatutako azken lagunari. Ez zen berriz itzuli, baina 2023an egindako elkarrizketa batean bere azken biktimak azaldu zuenez, brigadako lau bat polizien eskutik jaso zuen berdin zafraldia.
Izan ere, jipoi amaigabeak, irainak eta umiliazioak, basakeria poliziala... eguneroko ogia zen Donostiako Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialaren egoitzan, eta sotoko bi metro koadroko ziega ilunetan. Meliton Manzanas zen han inpunitate osoz jarduten zuen errepresioaren jauna. Eta haren biktimen izuarentzako, egurrezko aulki bati lotuta atxikitzen zituen atxilotuen bizitzen jabea ere.
Jose Luis Segurolak kontatu duenez, taldeko lagun batek ohartarazi zion «ez zaizula okurritu ere gizon horri begietara begiratzea», baina aurpegira begiratu zion, eta kristorenak eman zizkion. «Hiru eta lau polizien artean, mahaiaren azpian sartu eta ostikoka, eta handik altxa eta leihora eraman ninduen, bigarren pisuan, eta esan zidan ez baduk hitz egiten hemendik herorrek botako diat burua», gogoratzen du Segurolak.
Pistola buruan jarrita «te vamos a matar aqui mismo» mehatxatu ziola gogoan du, baita arratsaldean itzuliko zela hitzeman ere. Baina ez zen Irundik bueltatu. Hala ere, brigadaren menpekoen eskuetan arratsalde hartan jasandako torturak azaldu zituen Segurolak elkarrizketa hartan. «Dale fuego (eman egurra) zioten», kontatzen du hunkiduraz, «aguantatu behar dek, aguantatu behar dek esaten nion nire buruari, mahai azpian kristorenak jasoaz». Eutsi zuen hala nola, eta Donostiatik Carabanchelera (Madril) eraman zuten gero. Handik Burgosera (Gaztela eta Leon) eta Jaengo (Andaluzia) kartzelan amaitu zuen.
Haatik, Meliton Manzanasek azken egunera arte torturatu zuen gisara, Jose Luis Segurola bere azken biktima baizik ez zen izan. Kurpil Kirolak elkarteko presidente ohiak, Juan Cruz Ruiz de Angulo Perez irundarrak gogoratzen duenez, bere aitonak ere pairatu zuen haren gorroto eta bortizkeria. Regino Perez Mata, PCE alderdi komunistako kidea, trenbideetako langilea eta arrain saltzailea zen, eta Meliton Manzanasek informazioa ateratzeko bainuontzia egin ohi zion 40 kilotako izotz barra uretan sartuaz. Ruiz de Angulok dio, 46 urtetan hil zela, tortura horiek eragindako pneumonia baten ondorioz.
Torturatutako 58 pertsonen zerrenda luzea
Meliton Manzanas dokumentatutako giza eskubideen urraketa ugarien erantzulea da. Kriminologiaren Euskal Institutuak emandako datuen arabera, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako txostenak Meliton Manzanas 1968ko abuztuaren 2an hil zen arte, Gipuzkoan Polizia Armatuak eta Brigada Politiko Sozialak torturatutako 58 pertsona dokumentatu ditu. Eta Meliton Manzanas zen kasu horien arduradun nagusia Gipuzkoan.
Mikel Irazusta Olea, adibidez, pasatu zen torturatzaileen eskutik ere. 1968ko urtarrilaren 18an Donostiako Alde Zaharrean atxilotu zuten bere arreba eta anai Xoterorekin, eta grisek Amarako Gobernu Zibilaren egoitzara eraman zituzten. Irazustak idatziriko eskutitz batean azaltzen duenez, galdeketa Meliton Manzanasek zuzentzen zuen, eta 20 urte zituela kikilduta pasa zituen preso hiru egun. «Egurrezko aulki batean eskuak bizkar atzean esposaturik, estutu egiten zituzten odolgabetu arte, ez zidaten loak hartzen uzten irratiaren bolumena igoaz, eta buruan eta sabelean jipoitzen zidaten, baita ostikoak eman ere», dio Irasuztak, poliomielitis eritasunagatik herrena geratu zela kontuan hartuta, «bereziki hankan zentratu zirela» gogoratzen du. Aurpegia agerian torturatu zuten, eta ez ditu gainerako polizien izenak gogoratzen, baina Meliton Manzanas memorian gordetzen du «inoiz ahaztu ezin daitekeen pertsona delako».
1968ko urtarrilaren 29an hildako Jose Maria Quesada Lasarte donostiarra da beste kasu bat. Brigada Politiko Sozialak Meliton Manzanasen agindupean 1962an egindako torturek utzitako arrastoen ondorioz hil zen, eta Eusko Jaurlaritzak aitortutako biktima da.
Testigantzak ugariak dira, eta Meliton Manzanas tartean egon zen pasarteak kontaezinak. Venezuelan jaiotako euskal jatorrizko Maria Mercedes Anchetaren kasua, adibidez. 1961eko uztailean ETAk borrokalari frankista ohien tren baten aurka egindako ekintza okerrari erantzuteko poliziak sarekada masiboa egin zuenean. erori zen Meliton Manzanasen eskuetan. Gerora El Nacional Caracaseko egunkariak argitaratu zuenez, «era guztietako basakeriak egin zizkion sei egunez». Egunkari horrek zabaldutako informazioaren arabera, bizarra mozteko labana batekin, hainbat ebaki egin zizkion bularretan, bizkarrean eta ipurmasailetan, baina atxilotuak ez zuen Manzanasek nahi zuen adierazpena egiten, eta bainuontzia egin zioten, biluzik zegoen ziegako zorua gorotzez bustiz, deskarga elektriko batzuk gorputz ahuldua behin eta berriz zeharkatzen zuten bitartean.
Hori guztia nahikoa ez zenez, Meliton Manzanasek eskua Maria Mercedesen baginan sartu zuen, ondoren ukabila itxi eta gogor tiratzeko, matrizearen zati bat erauziz. Medikuak bere egoera aztertu zuenean, ospitalera eraman ala aske uzteko gomendatu zion Melitoni, bertan hilko zelako denbora gutxian. Zortzi egunez atxilotuta egon ondoren, Maria Mercedes Londres Hotelaren inguruan utzi zuten. Sei aste eman zituen ospitalean, baina Venezuelara itzuli zenean, Caracaseko Simon Bolivar klinikan artatu behar izan zuten berriro, eta 46 egun geroago, bere torturatzaileak eragindako zaurien ondorioz hil zen.
Baina Meliton Manzanasen tortura gosea atzetik dator. Nazien Gestaporekin izan zuen lankidetza oso dokumentatuta dago. Eta urte haietatik arakatu daiteke bere inplikazioa hainbat heriotzetan. 1990ean Antonio Aramburuk sinatutako artikulu bat argitaratu zen El Irunés aldizkarian. Bertan Nicolas Guerendiain epailearen heriotzan izandako inplikazioa aipatzen du. 1937ko irailaren 1ean eraman zuten Donostiara, eta bi egunen buruan atera zen Irunera. «Itxura guztien arabera, egun horretan espetxetik atera eta hil egin zuten, Manzanasen balizko parte-hartzearekin», dio Arambururen artikuluak.
Era berean, 1944an Ramon Rubial Brigada Politiko Sozialaren egoitzan torturatu zuela frogatuta dago. Manzanasek behin eta berriz torturatu zuela dio haren semeak: «Aitak ez zigun inoiz familiari kontatu nahi izan Manzanasek egin ziona, berak egin baitzion galdeketa, baina badakit asko sufritu zuela».
Egiari Zor eta demokraziaren izenean
Sufrimenduaren arrastoa Meliton Manzanas Gonzalezen izenari estuki lotua dago Gipuzkoan. Haatik, Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentuaren zerrendan ageri da. Hartara, kontatutako guztia kontuan hartuta, eta 20/2022 Memoria Demokratikoaren legeak ezartzen duenari jarraiki, Egiari Zor fundazioak Meliton Manzanas Gonzalezek jasotako ohore, aitortza eta dominak kentzea exijituko du Irungo maiatzaren 29ko udalbatzarrean.
Legearen arabera, botere publikoek diktadura frankistarekin lotura izan duten edo giza eskubideen urraketengatik erantzule izan diren pertsonei emandako noblezia-tituluak, dominak, ohoreak eta aitortzak kentzea sustatu behar dute. Ohore horiek mantentzeak legearen izpiritua eta letra urratzea dakarrelako, eta aldi berean, estatu demokratiko baten printzipio etikoekin talka egiten duelako.
Hortaz, aurkeztutako mozioa udalbatza osatzen duten talde politikoen adostasun handia jasoko duelakoan dago fundazioa. PSE-EE, EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdiek osatzen dute udal korporazioa. Eta Espainiako Gobernuari torturatzaileak gaur egun dituen domina, ohore eta aitortza ofizial guztiak baliogabetu eta kentzeko behar gestioak egin ditzala eskatzeko konpromisoa har dezatela galdegiten diete tokiko udal talde politikoei. Iragarri dutenez, Pilar Garaialdek, Egiari Zor fundazioko bozeramaileak hitza hartuko du udal osoko bilkuran mozioa defendatzeko.