Atzo DesokupaCyL enpresa faxista Irungo Dunboa auzora hurbildu zen Poxpologile kalean bizi den langile familia bat etxegabetzeko. Mugimendu Sozialistako militanteek etxeko atarian aurre egin eta ihes egin zuten enpresa honetako hiru matoiek, 15:00tan itzultzeko mehatxua eginez. Ez zuten mehatxua bete, izan ere, haien sare sozialetan jakitera eman zuten Burgosera egin zutela hanka jatetxe batean bazkaltzera. Enpresa honek etxegabetze ekintzen bideoak plazaratzen baititu bere sare sozialetan.
Hala ere, Bidasoko Kontseilu Sozialista, Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Irungo kolektibo antifaxistetako 50 pertsona inguru bildu ziren arratsaldean Dunboan, familia babesteko. Izan ere, aita, ama eta haur batez osatutako familia bizilagunen eta herritar askoren babesa eta elkartasuna jaso dute, apirilaren 19an DesokupaCyL enpresak etxegabetzeko asmoa adierazi zienetik. Etxebizitzaren jabeak salatu zituen alokairua pagatu ezean kanporatuko zituela mehatxatuz, eta zailtasun ekonomikoetan egonagatik ere, zorra kitatu egin dute.
Haatik, orduz geroztik, kasua ezagutarazteko eta herritarrak antolatzeko zein deialdiak zabaltzeko, Alerta Desokupa Bidasoa kanala sortu zuten Irunen. Eta atzokoan desokupazio enpresa faxista kanporatzea posible egin duen erantzuna antolatzea ahalbidetu duela nabarmendu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik eta Bidasoko Kontseilu Sozialistatik. «Erresistentzia antolatua ikusterakoan, koldartu egin dira», argitu dute.
Hala ere, oldartu ohi dira, eta desokupazio enpresa hauek «ideia faxista esplizituen zabalkunderako bitartekoak direla, eta gorakada erreakzionarioaren parte» direla seinalatu dute. Eta beti gizarte kolektibo eta herritar zaurgarrienen aurka jo ohi dute, enpresari eta etxebizitzen jabeek kontrataturiko «matoi eskuadroien modura».
Valladolidetik Dunboara
Alde horretatik, jazarpena, beldurra, koldarkeria, indarkeria sinbolikoa eta, behar izanez gero, fisikoa ere erabili ohi dute eskuin muturreko etxegabetze enpresa hauek. Halakoak ugaritu dira Espainako Estatuan azken urteetan, eta poliziaren zein agintarien konplizitatearekin jardun ohi dutela salatzen du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Kasu honetan, Luis Angel Nuñezek sortutako Desokupa CyL enpresak Valladoliden du egoitza soziala (Calle Villabañez, 77), eta CIF (B16706525) zenbaki legala du, baina bere webgunean legez kanpoko okupazio bati aurre egiten dioten jabeei laguntzeko sortu zirela, eta «irtenbide errealak, azkarrak eta beti legearen barruan» ematen dituela aditzera ematen badu ere, desokupacion express metodoa erabiltzen duela nabarmentzen dute, 48 ordutan etxebizitza libratuz. Lantaldean abokatuak eta bitartekariak dituztela deritzo, baina haien jokamoldea ikusita, hitzetatik ekintzetara alde handia dago.
Izan ere, okupazio ilegalak eta alokairua zor duten maizterren kasuak kudeatzen dituzte teorian. Baina Irungo Dunboa auzoko Poxpologile kaleko familia honek Desokupa CyL enpresaren eskutik sufritzen ari den jazarpenak agerian uzten du, inpunitate osoz matoiak erabiltzen dituztela.
Dunboako familia honek etengabeko mehatxuak sufritzen ditu. Eta atzo desokupako matoien bisita jaso zuten, Porsche Panamera txuri batean iritsi ziren. Baina herri antolatuak egin zien aurre. Hala ere, itzuliko direlakoan dago Bidasoko Kontseilu Sozialista, eta beraz, erantzuteko erne egoteko deia luzatu dute.