Neandertalen gainbehera ezagutzeko bi aste gehiago emango ditu Oiasso Museoak

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 2a

Oiasso Museoak Europako Subsilience ikerketa-proiektuaren berri ematen duen Neandertalei buruzko aldi baterako erakusketa ekainaren 14a arte luzatuko du. Ekainaren 12an, 19:30ean, erakusketaren komisarioak komentatutako bisita antolatu dute Europako Arkeologia Jardunaldiak direla eta. EvoAdapta Giza Eboluzioaren ikerketa-taldeko Ana Belen Marin-Arroyok eskainiko du, zehazki, Errenteriako Aitzbitarte kobazuloko indusketen berri emango du.

Neandertalei buruzko azken ikerketa zientifikoen emaitzak ezagutzeko aukera paregabea eman du Oiasso Museoak urteko aurreneko aldi baterako erakusketarekin. Otsailaren 5ean estreinatu zuten, eta maiatzaren 31 arte iragarri zuten. Baina "Neandertalen gainbehera duela 45.000 urte: krisi klimatikoa eta Homo Sapiens espeziearen etorrera" izenburupean, historiaurreko giza eboluzioari buruzko Europa mailako SUBSILIENCE ikerketa proiektuaren berri ematen duen erakusketak arrakasta lortu du. Eta Altamirako Museoan eta Kordobako Museo Arkeologikoan aurkeztu eta gero, Irungo erakusketa ekainaren 14a arte luzatzea erabaki dute. 

Ana Belen Marin-Arroyo EvoAdapta-Kantabriako Unibertsitateko Historiaurrean doktorea da, eta Ferrarako Unibertsitateko (Italia) edota Murtziako Unibertsitateko 14  ikerlarik osatutako SUBSILIENCE ikerketa-proiektuaren burua. Erakusketaren estreinaldian bisita komentatua eskaini zuen, eta berdin egingo dute amaitzeko. Izan ere, erakusketa dohainik bisitatzeko aukera emateaz gain, ekainaren 12an, 19:30ean, erakusketaren komisarioak komentatutako bisita antolatu dute Europako Arkeologia Jardunaldiak direla eta. Iragarri dutenez, zehazki, proiektua aintzat hartzen duen Errenteriako Aitzbitarte kobazuloko indusketen berri emango du.

Subsilience proiektuak Europako 21 aztarnategitan (Euskal Herrikoak barne) eginiko ikerketari esker, azken Neandertal taldeen desagerpenaren zergatiak argitu eta Homo Sapiensarekin izan zuten hibridazioaz, krisi klimatikoen eraginaz eta gizakion egokitzeko gaitasunaz hausnartzeko aukera paregabea ematen du.