CAF tren-ekoizlea Gazako genozidioaren konplize dela salatuko dute Irunen larunbatean

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 2a

Irun Palestinarekin kolektiboak mobilizatzera deitu du ekainaren 6an, larunbatean, Irungo San Juan plazan. "Gerra eta genozidioekin ez dugu kolaboratu nahi!" lelopean, Israelek Palestinan, Libanon eta Iranen darabilen eraso estrategiari aski dela adierazteko, eta CAF tren-ekoizle enpresari Jerusalemgo apartheidaren tren proiektua bertan behera utz dezan eskatzeko elkartuko dira San Juan plazan. Elkarretaratzea 13:00ean egingo dute, baina aurretik haurrentzako tailerrak antolatu dituzte.

 

CAF tren-ekoizlea Gazako genozidioaren konplize dela salatuko dute Irunen larunbatean. Irun Palestinarekin kolektiboak mobilizatzera deitu du 13:00ean San Juan plazan, Israelek Palestinan, Libanon eta Iranen darabilen eraso estrategia salatzeko. CAFeko langileen komitea ere, urteak darama enpresa «garbiketa etniko baten konplize» dela salatzen. Eta oraingo honetan, azken astebetean Israelgo atleten Irungo Europako OCR Txapelketaren parte-hartzeak eragindako sumindura gehitu behar zaio.

Egia bada giroa nahasia dagoela, ez da lehen aldia ordea, Palestinako herriaren defentsarako kolektiboek CAF enpresak Israelgo estatu sionistarekin egiten dituen negozioak salatzen dituztela. Izan ere, Beasaingo lantegian ez ezik, Irungo Anaka kaleko lantegian ere, ohikoak izan dira azken urteetan mobilizazioak.

Joan den irailean bertan, Tuteratik abiatutako `Ibaitik Itsasora´ Palestinaren aldeko martxa Hendaian amaitu zela aprobetxatu zuten ere, Irungo San Juan plazan martxari harrera egin ondoren, CAF lantegiraino 600 lagun inguru bildu zituen manifestazio batekin enpresak egiten duen «negozio zikina» salatzeko. Palestinaren aldeko kolektiboek ez ezik, enpresa komiteko ordezkaritza zabal batek ere parte hartu zuen mobilizazio hartan, Israelekin dituzten harreman komertzialak salatu eta Israeli boikot egitera deituz. 

Irunen lantegia duen CAF tren-ekoizleari Eusko Jaurlaritzak ematen dizkion laguntza ekonomikoak eten ditzala exijitu diote Lakuari. Haatik, Mikel Jauregi, Industria Sailburuak argi utzi du hainbat alditan agintarien jarrera zein den. «CAFek trenak ekoizten ditu, ez bonbak. Ez dira gauzak nahasi behar», aditzera eman izan du argiki sailburuak. CAFko langileen komiteko kideek, aldiz, ez dute berdin pentsatzen. «Langile asko gara mobilizatzen ari garenak aspaldi, eta Jerusalem hiriko tren azkarraren lanak oso aurreratuak dauden arren, gogoratu beharra dago esleitutako kontratuak 20 urteko kudeaketa ere barne hartzen duela», deitoratzen dute, eta beraz, enpresa «garbiketa etniko baten konplize», dela salatzen dute langileek.