Jaietan Irungo igogailuak eta eskailera mekanikoak 01:00 arte egongo dira martxan

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 11

Ekainaren 12tik uztailaren 2ra bitartean, Artaleku, Kolon Pasealekua (topoa) eta Dario de Regoyos kalea, Gaztainondo eta Iñigo de Loyola kaleetako igogailuak 06:00etatik 01:00era erabilgarri izango dira. Era berean, Dario de Regoyoseko eskailera mekanikoen ordutegia ere luzatu egingo dutela aditzera eman du udalak, jaietan hiriko desplazamenduak oinez egitea sustatzeko.

San Pedro eta San Martzial jaietan mugikortasun jasangarria bultzatzeko helburuarekin hainbat neurri hartu dituzte agintariek. Joan den astean iragarri zuten bezala, ekainaren 12tik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean Lurraldebus zerbitzuak indartuko dituzte gauez, goizeko 4:00ak arte. Eta Irungo Udalak kudeatzen duen Irunbuseko Gautxori zerbitzua ere martxan izango da Behobia eta Landetxara.

Hala ere, datozen asteetan hirian antolatutako 155 ekitaldi gehienak erdigunean eta inguruko auzoetan ospatuko direla kontuan hartuta, Irungo Udalak desplazamendu gehienak oinez egitea gomendatzen du. Horretarako, Irungo Udaleko Obra, Mantentzea eta Azpiegituren arloak jakinarazi du ekainaren 12tik (ostirala) uztailaren 2ra arte, hiriko igogailuen eta eskailera mekanikoen ordutegia zabaldu egingo dutela. Horrela, hauen funtzionamendua egunero 06:00etan hasi eta 23:00ak arte beharrean, zerbitzua bi orduz luzatuko dute goizeko 01:00a arte. 

Ordutegi aldaketa hau Artaleku, Kolon Pasealekua (topoa) eta Dario de Regoyos kalea, Gaztainondo eta Iñigo de Loyola kaleetako igogailuetan eragina izango du. Hortaz gain, Dario de Regoyoseko eskailera mekanikoen ordutegia ere luzatu egingo dute.