Irungo Udala Txingudiko Zerbitzuetako bazkide nagusia den heinean, hari zuzendu diote ur saneamenduko langile grebalariek haserrea gaur, greban bost hilabete baina gehiago daramatzatenean. Cristina Laborda alkatea interpelatu dute, baina ez die harrerarik egin. Eta udaltzainek ateak itxiegin dituzte jende gehiago sar ez zedin.
Hala ere, udaletxeko sarrerako eskailerak okupatu dituzte gaur eguerdian bi dozena langilek, eta kanpoan ere elkarretaratu dira. Hitzarmena berritzera bidean, gatazkan engaiatzeko galdegin diete hala Irun nola Hondarribiko alkateei.
Txalo artean desalojatu dituzte udaletxetik.
Joan den astean indartu zituzten mobilizazioak, besteak beste, Txingudiko uretako grebalariek autokarabana egin zuten joan den asteazkenean Irungo eta Hondarribiko kaleak zeharkatuz. Izan ere, maiatzaren 5ean Txinzerreko zuzendaritzak luzatu zien hasierako proposamenari aldaketa bat aurkeztu zioten, eta erantzunaren zain ziren. Irungo Udaleko langileen lan baldintzetara ekiparazioa 2029 urterako gauzatzea onartu diete, baina gaixotuko diren langileei ez zaie aplikatuko, Txingudiko Zerbitzuek ordainsariaren hobekuntza produktibitateari lotu nahi dutelako.
Azken proposamena, aldiz, "lotsagarritzat" jo du Alaitz Egiazabal ELA sindikatuko greba komiteko ordezkariak. Izan ere, joan den ostiralean jaso zuten azken aldaketa. Horren arabera, "gaixotasun baja medikuak aitortzeaz gain, mutuatik pasa, eta Leire Zubitur gerenteak erabaki nahi du gero ea gaixotasuna aski larria eta justifikatuta dagoen", azaldu du Egiazabalek. Proposamen hau ez dute onartuko "ez orain, ezta mila urte pasatuta ere". Eta legezkoa ote den ere zalantzan jartzen dute.
Grebalarietako bat artatu behar izan dute udaletxe barruan zorabiatu delako.
kordio bat nahi dute bost hilabeteko grebaldiaren ondoren, eta lortu ezean "sanmartzial beroak" iragarri dituzte. Mobilizatzeko "inoiz baino gogotsuago eta haserreago" daudela azpimarratu baitute.
Gaurko ekintzan grebalarietako batek konortea galdu du udaletxe barruan tentsioaren ondorioz, izan ere, udaltzainek Ertzaintza abisatu dute, eta grebalarietako bat identifikatu dute. 15 minutuz udaletxeko eskailerak okupatu eta desalojatu egin dituzte. San Juan plazan bildutako herritarren (Txingudiko Pentsionisten Elkarteko kideak barne) txaloen artean atera dira udaletxetik.
