Euskotrenek Topoaren gaueko zerbitzua areagotuko du ekainaren 20an, Irungo jaiek eragindako joan-etorria errazteko. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailak aditzera eman duenez, gauean zehar 30 eta 60 minutuero izango dira trenak bi noranzkoetan.
Ekainaren 20 Kuadrillen Eguneko Herri Bazkaria antolatu du Betti Gotti euskara kultur elkarteak Ficoban. Bertan 1.200 bazkaltiar elkartuko badira ere, bazkalondoan 3.000 lagunetik gora batu ohi dira dantzaldian, eta 20:30ean DJ Balberrekin kalejira egingo dute Urdanibia plazaraino. Izan ere, festak plazan jarraituko du gero, 22:30ean Zea Mays eta Kaparrak (00:30ean) taldeen kontzertuekin. Jaietako larunbata jendetsuenetakoa izango dela aurreikusten dute agintariek. Hartara Euskotren zerbitzuak indartzea erabaki dute.
Euskotrenek trenez mugituko diren pertsonei gomendatzen die ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko APP ofizialean zein www.euskotren.eus webguneko bilatzailean. Informazio jaso dezakete, halaber, Euskotreneko langileak dituzten geltokietan eta 944 333 333 telefono-zenbakian.
Mugitzeko beste alternatibak
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak Lurraldebus zerbitzu bereziak adostu dituzte jaietarako. Joan den asteburuan jada martxan izan ziren E77 (Donostia-Irun) eta E78 (Irun-Hondarribia) lineatan. Eta ekainaren 19tik aurrera ere, 23:15etik 04:00ak artean 30 minutuero zerbitzu eman du Irun eta Hondarribia artekoak.