Irunen bizi diren 60 urtetik gorakoei udako hilabeteetan jarduerak eskaintzen duen egitarau oparoa ondu dute aurtengo 'Udan Gogoz' programan. Nahigabeko bakardadea eta isolamendu soziala prebenitu, eta aldi berean, adinekoen jarduera fisikoa eta garapen kognitiboa sustatzeko helburuarekin.
Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak aditzera eman duenez, "udan Adinekoentzako Zentroek eta beste zenbait tailerrek aktibitate gutxiago dituzte, eta 'Udan Gogoz' programak hutsune horiek estaltzeko xedea du".
Alde horretatik, programa hau nahi gabeko bakardadea saihesteko "oso interesgarria" dela nabarmendu du ordezkari jeltzaleak. Eta adinekoen jarduera fisikoa eta garapen kognitiboa lantzeko aukera ematearekin batera, "beste gaitasun eta esperientzia berri batzuk aztertzeko aukera eskaintzen du, hazkunde pertsonalerako eta komunitate-bizitza edukitzeko".
Jarduera guztiak doakoak dira, eta eguraldiak lagunduz gero, aire zabalean proposatuko dituzte. Astelehenetik ostiralera eta uztailaren 6tik abuztuaren 28ra bitartean (uztailaren 31 izan ezik, jaieguna baita), gimnasia eta yogako ordubeteko saioak egingo dituzte Sargia eta Antzaran parkeetan (10:00etatik 11:00etara), gorputza eta burua naturarekin lotzeko.
Sargia parkean (eguraldi txarra egonez gero, Uranzuko pilotalekura mugituko da) 9:00etatik 10:00etara izango da, eta astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan Yoga egingo duten bitartean, asteartetan eta ostegunetan Gimnasia.
Antzaran parkean, aldiz, (eguraldi txarra egonez gero, Leka Eneako gune sozialera mugituko da): 10:30etik 11:30era egingo dituzte saioak. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan Gimnasia. Eta Yoga asteartero eta ostegunero.
Hortaz gain, hilean bitan, irteera kulturalak egingo dituzte, Irungo Adinekoen Zentroetako erabiltzaileen eskariari erantzuteko. Egun osoko txangoak izango dira (autobusez), inguruko historia, baliabide naturalak, etnografia eta aisialdia ezagutzeko.
Honen bidez, "euren kabuz bidaiatzeko arazoak dituzten pertsonek aukera edukiko dute taldean bidaiatzeko, laguntza-sarea handitzeko eta profesionalen talde batek gidatutako esperientziak partekatzeko", argitu du Iguiñizek. Kasu honetan, uztailaren 10ean egingo dute aurreneko irteera Gasteizko Santa Maria katedralera eta upeltegi batera. Uztailaren 24an Zientzia Museorako eta Igeldoko jolas-parkerako txangoa egingo dute. Eta abuztuan beste bi irteera gehiago programatu dituzte. Abuztuaren 7an ibilaldi gidatua egingo dute Gernikatik, eta, ondoren, Bilboko itsasadarra itsasontziz zeharkatuko dute. Eta abuztuaren 21ean Sarako leizeak eta Euskal Pastizaren Museoa bisitatuko dituzte.
Txangoak autobusez egingo dira, eta doakoa izango da, baina bazkaria norbere etxetik ekarri beharko du. Irteerak 09:00etan izango dira San Juan plazako geltokitik (Bixera zaharra), eta 20:00ak inguruan iritsiko dira. Izena emateko www.irun.org webgunera jo beharko da, ekainaren 15etik 25era bitartean. Jende gehiegik izena eman eta itxaron-zerrenda egonez gero, zozketa publiko bat egingo da ekainaren 26an, 10:00etan, Palmera Montero Gunean.
Bestalde, Irundik mugitu gabe ere, turismo birtuala egiteko aukera emango dute aurten. Mugitzeko zailtasunak dituzten adinekoei espresuki zuzenduta, aurten errealitate birtualeko betaurrekoen bidezko jarduera antolatuko dute Palmera Montero Guneko 1. gelan. Uztailaren 7tik abuztuaren 17ra bitartean, astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 19:00etara, urruneko hiriak edo museoak bisitatzea, globoko bidaiak edota kontzertuak gozatu ahal izango dituzte lekutik mugitu gabe. Bizipen horiek kontzentrazio-maila hobetzera, memoria suspertzera eta oroitzapenak esnatzera daude bideratuta.
Izena emateko Palmera Montero Gunera bertara jo beharko da, 1. gelara, astelehenetik larunbatera eta 16:00ak eta 20:00ak bitartean.