Mercadonak Irunen duen lantokian ordezkari sindikal baten kaleratzea salatu du ELAk, eta jokabide antisindikal larria egotzi dio enpresari. Sindikatuak aditzera eman duenez, ordezkaria hilabetez jarraitu izan du detektibe batek, bere jarduera sindikalak garatzen zituen bitartean, eta baita bere aisialdian ere. «intimitate eskubidearen urraketa berri bat» dela salatzen du ELAk, eta kaleratzea langilea zerrendaburu zuen hautagaitzak Irungo lantokian hauteskunde sindikalak irabazi eta sei hilabetera eman dela oroitarazi dute.
Are gehiago, bere lanpostuaren egokitzapenarekin lotutako aldeko epai bat lortu eta hilabete eskasera gertatu da. Delegatu hau duela bi urte ere kaleratu zuen Mercadonak, enpresaren aldetik jazarpena jasan zuen detektibe baten bidez baja mediko batean jarraipena egin ondoren, eta Auzitegi Gorenak gaitzetsi zuen praktika hori, langilearen oinarrizko eskubideak urratu zirela iritzita. Diziplina arazoak eta baja hartzeko arrazoiak zalantzan jarri zituen zuzendaritzak epaiketa hartan detektibe pribatu baten bidez lortutako ustezko frogak aurkeztuta. Eta epaileek langileari eman diote arrazoia, langile berriz onartzera behartuz.
Bistan denez, egoera eta jokabide bertsua errepikatu du enpresak oraingoan. «Gertaera hauek estrategia baten parte dira, plantillaren ekintza sindikala eta lan eskubideak mugatzeko, jazarpenean oinarritutako politika enpresariala oinarri duena», azpimarratu du sindikatuak ohar baten bidez. Enpresaren jarrera antisindikala agerikoa da haien ustez, «langileen lan baldintzak defendatzen duen langile ororen kontra jo eta lehenbailehen erditik kentzeko estrategia dute». Alde horretatik, funtzio sindikalak aurrera eramateko zailtasunak, langileei informazioa transmititzeko oztopoak, kontziliaziorako trabak, egutegi aldaketak, jarrera eta tratu desegokia enkargatuen aldetik, eta abar luze bat salatu dute enpresaren ohiko jokabideen artean.
Hori guztia behin eta berriz salatu du ELAk enpresaren aurrean, Lan Ikuskaritzan eta epaitegietan. Baina hainbat ebazpen eta txosten langileen aldekoak izan diren arren, Mercadonak praktika berberekin jarraitzen duela salatzen dute. Hau dela eta, ELAk elkarretaratzera deitu du ekainaren 22an 11:00etan, Irungo Arasoko Mercadona saltokiaren atarian.