Uda datorrela, eta udaberrian ere bero-boladak gero eta ohikoagoak bilakatzen ari dira Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzako IHOBEk aditzera eman duenez, adituen azterketen emaitzek diote, Euskadin tenperatura hazten ari dela, eta maizago gertatzen direla bero-boladak, pertsona zaurgarrientzat (adinekoak, haurrak eta gaixotasun kronikoak dituztenak edota pobrezia energetikoan dauden herritarrak) arrisku handia dakar horrek.
Horren arabera, Gipuzkoan urtean 2 edo 3 egun beroaldi egunetik, 15 egunera pasako da mende amaieran. Eusko Jaurlaritzak iaz aurkeztu zuen “Klimaren Egoera Euskadin” izeneko lehen txostenaren arabera, 1970az geroztik, Euskadiko tenperatura 0,3 °C handitu da hamarkada bakoitzeko, eta bero-boladen maiztasuna eta iraupena igo egin direla ikusten da. Izan ere, bero-boladen egunen kopurua bikoiztu egin da, 1970-2000 epealdian 4 egunekoa zen bitartean, 2014-2023 epealdian ia 9 egunekoa izan da.
IHOBEk Aterpe Klimatikoen Mapa aurkeztu du.
Hau dela eta, Euskadi klima-aldaketara egokitzeko neurri zehatzak hartzen ari da. Eta neurri praktikoen artean, hiriak egokitzea dago. Horretarako, Aterpe Klimatikoen Sarea osatu dute, bero handiko egunetan babesteko gune egokienak identifikatuz. Gaur egun, EAEko 11 udalerrik dute jada babesleku klimatikoen mapa osatua. Guztira, 488 gune aintzat hartzen ditu, eta milioi bat laguni baino gehiagoren eskura daude babeslekuak. Hedatzen ari den sarea da, izan ere, Amurrio, Gasteiz, Barakaldo, Bilbo, Bergara, Donostia, Hernani, Pasaia eta Tolosan lanketa hori egin dute. Haatik, Irun izan zen aitzindaria bere Aterpe Klimatikoaren Mapa osatzen. Hedatzen ari den sarea da, eta lehendik dauden ekipamenduak eta hiri-espazioak baliatzen ditu gero eta ohikoagoa den klima-arriskuari erantzuteko.
Zehazki, klima aldaketaren berotegi-efektuari eta uholde arriskuei egokitzeko espazio publikoaren kontzeptua berrasmatzen ari dira. Baina espresuki bero-uharteak saihestuko dituzten zuhaitzen itzala eta korridore berdeak sustatzera behartzen duen udal ordenantza 2024ko martxoaren 22an onartu zuen Irungo udalbatzak. Borja Olazabal, Udaleko Garapen Jasangarrirako zinegotziak azpimarratzen duenez, «aurrerantzean egingo diren hirigintza proiektu guztietan, hiri erresilienteagoa lortzeko helburua du».
Baina lehen urrats bezala, Irungo Aterpe Klimatikoen Mapa osatu zuten. Eremu publiko eta pribatuen azterketa egin zuten, babesleku izan daitezkeen gune egokienak atzemateko. Horren arabera, bero egunetan, itzalguneak eskaintzen dituzten hiriko 28 leku identifikatu dituzte horretarako.
Borja Olazabal, Ingurumen eta Garapen Jasangarrirako zinegotziak argitu duenez, Aterpe Klimatikoen Mapa gaur egungo argazkia besterik ez da. «Mapa bereziki adineko pertsonekin edo gaixotasun bat duten horiekin pentsatuta dago, bero handiko egunetan eta larri ikusten badira, eskura ukan dezaten babesteko lekurik egokiena mapa batean identifikatuta», argitu du udal ordezkariak. Izan ere, egindako azterketen arabera, eguzki erradiazio zein tenperatura aldea handia izan daiteke eremu urbanoetan.
Horiek hala, uda garaian aire egokitua eta iturri bat eskura eskaintzen duten CBA udal liburutegia, Palmera-Montero gunea, Mendibil merkataritza gunea, Azken Portu eta Artaleku udal kiroldegietako harrera guneak, Bidasoa Biziriken egoitza, eta hiriguneko zenbait eskola identifikatu dituzte babesleku gisa. Kasu horretan, Belaskoenea LH, Lekaenea-Anaka HH eta LH ikastetxeak, baita Eguzkitza HH eta LH zentroak ere.
Esan gabe doa, bestalde, bereziki kalean eta zuhaitz baten itzalpean fresko egoteko guneak direla mapak gomendatzen dituen aterpe klimatiko gehienak. Hirian ditugun parkeak eta erreka edo ibai bazterrak dira nagusiki, porlanezko kale eta errepideekin alderatuta tenperatura alde handiak daudelako. Hortaz, kanpoaldean 19 babes klimatiko gomendatzen ditu Irungo Udalak: Sarjia, Soroxarta, Belartza, Alai Txoko, Behobia, Beko Errota, Ibarlako parke eta berdeguneak, San Miguel auzoko Julian Sanchez parke urbanoa, Ama Xantalen egoitzako lorategiak, Landetxa-Kateako frontoiak eta parkeak, baita Ugalde-Kateako kirol instalazioak ere.