Sanmartzialetarako Lurraldebus zerbitzu bereziak izango dira ekainaren 25etik uztailaren 1era

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 22a

Irungo San Pedro eta San Martzial jaietako atariko bi asteburuetan antolatutako Mikel Erentxun, Gozategi, Chenoa zein Zea May eta Kaparrak kontzertuetako gaualdietarako aparteko zerbitzuak eman ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamenduak E77 eta E78 lineak gauez indartuko ditu, herritarrak ibilgailu pribatu baten menpe egon ez daitezen. Irun eta Hondarribia artean 15 minutuero egongo da zerbitzua martxan 23:15etik 6:15ak arte. 

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Irungo San Pedro eta San Martzial jaietarako Lurraldebusek emango dituen aparteko zerbitzuen berri eman du. Milaka pertsona biltzen dituzten jaiak direla kontuan hartuta, «jendeari kalitatezko garraio publikoa bermatzeko» helburuarekin lanean ari direla aditzera eman du foru diputatuak.

Alde horretatik, «jaietako jarduera zabalaz eroso eta seguru gozatzeko» E78 eta E77 lineak indartuko dituzte gauez. Aldundiaren helburu nagusia jai hauetan herritar guztiek aukera baldintza berdinetan eta «inor ibilgailu pribatu baten menpe ez egoteko» zerbitzuak herritarren eskura jartzea dela azpimarratu du Dominguezek. 

Horretarako, aurten ere, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu Irungo San Pedro eta San Martzial jaietan. Zerbitzu horiek ekainaren 25etik (osteguna) uztailaren 1era (asteazkena) bitartean emango dituzte. Foru diputatuak azaldu duenez, ostegunetik ostiralera, hilaren 25etik 26rako gauean, E78 lineak (Hondarribia>Irun) 23:15ean, 23:45ean, 00:15ean eta 00:45ean egingo ditu irteerak Hondarribitik eta 23:30ean, 00:00etan, 00:30ean eta 1:00etan Irundik.

Ekainaren 27tik (larunbata) 28rako (igandea) gauari dagokionez, E77 lineak (Hondarribia>Irun>Errenteria>Pasai Antxo>Donostia) zerbitzua izango du Hondarribitik 23:00etan, 00:00etan, 1:00etan, 2:00etan, 3:00etan, 3:30ean, 4:00etan, 5:00etan eta 5:30ean, eta kontrako noranzkoan dauden zerbitzuak Donostiatik irtengo dira 23:50ean, 00:50ean, 1:50ean, 2:50ean, 3:50ean, 4:20ean, 4:50ean, 5:50ean eta 6:20ean.

Gau horretan, E78 lineak 15 minuturo izango du zerbitzua. Irteerak Hondarribitik 23:15 eta 6:00 bitartean izango dira eta Irundik 23:30 eta 6:15 bitartean. Ekainaren 28tik (igandea) 29rako (astelehena) gauari dagokionez, E77 lineak zerbitzu bat izango du orduro. Irteerak Hondarribitik 23:00etatik 1:00etara eta Donostiatik 23:50etik 3:50era izango dira.

Bestalde, E78k 30 minuturo izango du zerbitzua 23:15etik 3:45era Hondarribitik eta 23:30etik 4:00etara Irundik. Azkenik, ekainaren 30etik, asteazkenerako gauean, E77a orduro irtengo da Hondarribitik 23:00etatik 5: 00etara, eta bi zerbitzu gehigarri izango ditu 3: 30ean eta 5: 30ean. Donostiatik, berriz, 23:50ean, 00:50ean, 1:50ean, 2:50ean, 3:50ean, 4:20ean, 4:50ean, 5:50ean eta 6:20ean irtengo dira.

E78ko ordutegiari dagokionez, 15 minuturo egongo dira zerbitzuak Hondarribia eta Irun artean. Lehen autobusa 23:15ean irtengo da Hondarribitik, eta azkena, berriz, 6:00etan. Aitzitik, zerbitzuak 23:30etik 6:15era bitartean emango dira.

Ordutegiak eta geltokiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango dira