Irungo Udaleko Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza arloak Xabier Garagarza (Donostia, 1977) Irungo Udaltzain komisario buru gisa aurkeztu berri du. Irungo EAJ-PNVk azken urteotan eskatu duen Udaltzaingoaren berregituraketari dagokion irratsa dela azpimarratu du arloko zinegotzi Iñigo Berguesek. Eta jeltzaleek gobernu koalizioa osatu zutenetik hartutako konpromisoekin bat datorren prozesuaren parte dela argitu du. Izan ere, Euskal Poliziaren Legea betetzeko prozesu publiko baten ondoren gauzatu da izendapena. Berregituraketa horrek aro berri bat ireki duela dio EAJ-PNVk, komisario berria buru duen aroa, halabeharrez.
Gogoan hartu behar baita Juanjo Aizpioleak 39 urteko zerbitzua egin ondoren (azken 8 urteak komisario buru) egindako lanaren lekukoa hartzen duela Garagarzak. Oiartzungo udaltzainburua izan da azken urteetan, eta beraz, eskarmentua du onartutako funtzioetan. Gainerakoan ibilbide luzea du, izan ere, ekitaldietako segurtasunari buruzko ponentziak prestatu ditu Eusko Jaurlaritzaren Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak eskatuta, eta irakasle aritu da
Polizia eta Larrialdietako Akademian Euskal Poliziako agenteen promozio askotan. Gainera, Deustuko Unibertsitateko irakasle izan da zenbait prestakuntza-jardueratan, lanean aritu da Ertzaintzako genero-indarkeriari buruzko lehen protokoloa eta Lurraldebuseko indarkeria sexisten kontrako lehen protokoloa idazteko eta abian jartzeko prozesuetan.
Bestalde, Irungo Udalak iragarri du, 15 udal agente pixkanaka sartuko direla urte honen eta datorren urtearen artean, «hurbiltasuneko polizia-eredu bat lortzeko, hurbilagoa eta prebentzio, bizikidetza eta pertsonen arretara bideratua». EAJ-PNVko Udal taldeko bozeramaile Gorka Alvarezek Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza arloan 16 hilabete hauetan emandako aurrerapenak azpimarratu ditu. «Segurtasuna izan da talde jeltzaleak Udal Gobernura sartu zenetik jorratu nahi izan duen gaietako bat», argitu du, irundarrentzat duen garrantzia nabarmenduz.
Irunek duen erronka handienetako bat dela aitortu du, eta alde horretatik, «Udal Gobernuan sartu ginenean, laguntza ematera gentozela esan genuen, eta hori da kudeatzen ditugun arloetatik eta erantzukizun instituzionaletik egiten ari gara», adierazi du, EAJ-PNV bide berean lanean sakontzeko prest dagoela azpimarratuz, «beharrezko erabaki politiko guztiak hartuko ditugu Irun lasaitasunez bizitzeko hiria izan dadin eta segurtasuna bermatuta dagoen sentsazioa egon dadin».
Jeltzaleen ustez, Irungo herritarren segurtasuna edo segurtasun ezaren pertzepzioa da azkenaldian gehien kezkatzen ari den gaietako bat. Baina Alvarezek baikorki baloratzen du «hirian ematen ari diren urratsak, garrantzitsuak baina oraindik nahikoak ez direnak». Ildo horretan, azken urte eta erdian Bizikidetza eta Segurtasun Plan Estrategikoa adostu eta abian jarri ahal izan dutela gogoratu du, eta Berguesek nabarmendu duenez, «16 hilabete hauetako beste puntu giltzarrietako bat Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa indartzea izan da». Horri esker, jende gehiago biltzen den egoeretan, hala nola, San Pedro eta San Martzial jaietan eta Gabonetan, dispositibo bereziak aktibatu dituzte elkarlana sustatuz. Dispositibo horren joan den abendua/urtarrileko datuek baieztatu baitzuten delituak %30 apaldu direla Gabonetako merkataritza kanpainan.