Su txikiagoan baina betiko errituaren sokari helduta hasiko dituzte Irungo jaiak gaur ofizialki

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 23a

Alerta egoeraren ondorioz Irungo Udalak San Juan plazako su ofiziala ohiko tamainaren erdira murriztea erabaki dute ezbeharrak saihesteko. Hala ere, San Pedro eta San Martzial jaien irekiera ofizialak bere ohiko gidoia mantenduko du San Juan plazan, 20:45ean Kemen dantza taldearen Aurreskua eta Soka Dantzarekin hasi, eta pregoia eta sua piztu ondotik, 22:30ean Burrunba Elektrotxarangaren animazioarekin. Urdanibia plazan, aldiz, Wonka 4LEB + Waje (22:30) eta gauerdian Bele taldearen kontzertua izango da aldaketarik gabe.

Irungo jaien hasiera aldrebestu du tenperatura altuengatik aktibatutako alerta egoerak. Atzo Cristina Laborda alkateak goizean goiz deitutako krisi-mahaiak hartutako prebentzio neurriekin batera, Kultura arloak jaietako egitarauan hainbat aldaketa egitea erabaki du herritarrak beroaz babesteko helburuarekin. 

Hala, ekainaren 23 honetan San Juan bezperako sua pizteko baimenak eta kontrolak zorroztuko ditu Udaltzaingoak. Eta San Juan plazako su ofiziala ohiko tamainaren erdira murriztea erabaki dute ezbeharrak saihesteko. Hala ere, jaien irekierak ohiko gidoia jarraituko du. Eta huts egingo ez duena, Kemen dantza taldea izango da. Zehazki, 20:45ean, Kemen dantza taldeko dantzariek Aurreskua dantzatuko dute Irungo Txistularien Bandak laguntzarekin. Saioa eta Maitane, Kemen taldeko dantzariek iragarri digutenez, 35 bat dantzari elkartuko dira plazan. Eta 2022az geroztik bezala, neska eta mutil dantzariek parte hartuko dute Soka Dantzan. «Herriari dantzatuko diogu, une hunkigarria eta polita da jaien hasiera markatzen duelako», diote Kemeneko kideek. Jaien irekiera ofiziala 21:30ean izango da pregoiarekin batera, eta gerora, 21:45ean, piztuko duten suaren inguruan dantzatuko dute Aurreskua, eta horretan herritarrak animatzen dituzte dantzan parte hartzera. 

Suaren inguruan dantza egin ondoren, 22:30ean Burrunba Elektrotxarangak San Juan plaza inguruak animatuko ditu. Eta gero festa Urdanibia plazara lekuz aldatuko da. 22:30ean, herritarrek telonero lanetan aritzeko bozkatutako Wonka 4LEB + Waje taldearen kontzertua izango da Urdanibia plazan. Eta ondoren, gauerdian, Bele taldearen kontzertua izango da aldaketarik gabe.

Haatik, 23:00etan Santiagoko Deabruak kultur elkarteak antolatu duen ikuskizun piromusikalak aldaketak jasango ditu alerta egoeraren ondorioz. Correfoc, Txinparta Kalejira izango da Eliza karrikatik San Juan Harria plazara ezkerretara biratu eta Nafarroa hiribidean, itzulbidean eta berriz ere Eliza karrikan barrena. Baina Irungo Udalak aditzera eman duenez publikoaren parte-hartzerik gabe egiteko agindu dute, eta udalak ez du inongo erantzukizunik hartuko bere gain.

Beste hainbat aldaketa beroagatik

Gainerakoan, Irungo Udaleko Kultura arloak jaien programazioan bestelako aldaketak egin zituen atzo jada, eta gaur ere prebentzio neurriak hartuko dituzte. Ekainaren 23an Belaskoenea auzoan haurrentzako puzgarriak eta atrakzioak bertan behera geratu dira. Horren ordez, haurrentzako jolasak programatu dituzte CBAko IrekiArt gunean, 11:30etik 13:30era, 2 eta 16 urte bitarteko haurrentzat. Era berean, Mendibileko patata tortilla lehiaketa Bershka denda zaharrera lekualdatuko dute, merkatalzentroaren barruan. Eta «Txotxongiloak Parkean» programa ez da Sargia parkean egingo, eta CBAko Irun Zuzenean aretoan aterpetuko dute, eguerdian.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, gaur Ameztu antzerki taldearen “Kay Robot” obraz gain, bihar ekainaren 24ko emanaldia ere CBAn egingo dute, "Katxaruloren Alaba" ikusgarriarekin Mirari Urruzolaren eskutik. Alerta gorria arindu egingo dela iragarri dute aro ikerleek ostegunerako, eta beraz, mementoz ekainaren 25ean Bilboko El Tenderete talde ospetsuaren "Hamaika gatazka" obra, eta ekainaren 26an, jaialditxoa amaitzeko Familientzako Kabareta ere, hastapenetik aurreikusia zegoen Sargia parkera itzuliko lirateke. Hala ere, Irungo Udalak azken orduko aldaketa posibleen berri emango du bere webgune eta sare sozialetan.